BESTELAKOAK

Bidaia XIX. mendeko Euskal Herrian barrena

Azkuna Zentroak Gutun Zuriaren, Letren Nazioarteko Jaialdia, XI. edizioaren baitan, Bidaia XIX. mendeko Euskal Herrian barrena erakusketa aurkeztu du gaur goizean. Aurkezpenean, Zuriñe Antoñana, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturalen zerbitzu burua, eta Alasne Martin, Mediateka BBK-ko arduraduna izan dira.

XIX. mendean, Euskal Herria zeharkatu zuten atzerriko hainbat bisitari eta bidaiariren idatziak eta iritziak jasotzen dira, eta horiexek ikusi ahalko dira maiatzaren 6ra bitartean, Azkuna Zentroko Mediatekan.

Erakusketak 1789 eta 1936 urteen arteko testigantzak biltzen ditu, urte horietan argitaraturiko 23 libururen bidez. Gehienak Bizkaiko Foru Aldundiak utzitakoak dira, eta bertan, Victor Hugo, Humboldt, Gautier edota Lande-ren idazkiak daude. Bidaiari horiek euskaldunen herriaz iritzi paregabeak batu zituzten, “alde antropologikoa edo emotiboa” barne.

Antolatzaileen arabera, “bidaiari erromantikoek etengabe aipatzen dute euskaldunen izaera eta hizkuntzaren zailtasuna; tartean G.H. Borrow zegoen”. Azken honek hala idatzi zuen: “Satanasek zazpi urte egin zituen Bizkaian, eta joan egin behar izan zen, ez baitzien bizkaitarrei ulertzen, eta bizkaitarrek berari ere ez”.

Emakumeek ere euskal munduaz idatzi zuten. Hala, erakusketan Gilberte Reicher-ek, Blanche eta Hélène Hennebutte-k eta Menassade ahizpek (Emiliak eta Anak) eginiko adierazpenak ere bildu dira.
Humboldt ere txundituta geratu zen herriarekin eta hizkuntzarekin, eta lilura horrek berriz ekarri zuen Euskal Herrira, geure hizkuntza hobeto aztertzeko xedez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button