BESTELAKOAK

Gaur abiatuko dira ARTgia kultur espazioko bigarren urteurrenaren ospakizunak

Gaztetasuna, emakumezkoen taularatzeak eta esperientzia eskutik helduta datoz, ARTgia Gasteizko kultur sorgune espazioak bere bigarren urteurrena ospatzeko antolatu duen Bi urte aukerak sortuz egitarauan.

Hala, gaur hasita ekainaren 23ra bitartean, Alba Tojo murgiarraren collage-margolanak; Belen Nevado Gasteizko antzerkigilearen Altxa eta zutik egin txiza ikuskizuna, eta MICE izenaren atzean gordetzen den Miren Narbaiza eibartarraren kontzertua antolatu dituzte urteurren berezi honen ospakizunean.

Gaurkoan, ekainak 17an, Alba Tojo artistak bere lehen bakarkako erakusketa inauguratuko du.  Zuiarrak azaldu duenez, “pinturaren eta collagearen arteko muga non dagoen bilatzen saiatzen naiz, aurpegien esperimentazioaren bidez irits daitekeen tokia bilatuz. Figuratibo eta ez figuratiboaren arteko mugan daudenak, baita giza eta animalia itxuraren artean ere”. Teknika tradizionalak (plastiko eta eskuzkoa) eta berriak uztartzen ditu esperimentazioaren bitartez. Tojoren erakusketa ekainaren 27ra egongo da ikusgai.

Eta erakusketaren inaugurazioarekin batera, Altxa eta zutik egin txiza mikro-antzezlana aurkeztuko du Belen Nevado gasteiztarrak. Umorez azaldu du artistak bere antzezlanaren nondik norakoa: “Aldea dago esatetik egitera”. Baina mikro-antzezlan honek jaietan eta gune masifikatuetan emakumeen artean ohikoa den egoera bat salatzen du: “aparteko leku batean txiza egiteak arriskupean jartzen gaitu emakumeak”, dio artistak, hiri honetan iaz izandako gertakari bat gogora ekarriz. “Ezin dugu ahaztu hiri honetan bertan, salaketa bat egon zela iaz, neska batek erasoa eta bortxaketa saiakera jasan zituelako Andra Mari Zuriko festetan txosnagunetik kanpora txiza egiten ari zela”, argitzen du artistak.

Eta musika, Miren Narbaiza musikariak jarriko du,  bihar, ekainaren 18an, 20:00etan. Napoka Hiria, Perlak, Joseba B. Lenoir edota Dual Split taldeetan aritu ondoren, Mice izenarekin bere bakarkako ibilbideari ekin dio musikari eibartarrak.

ARTgia Gasteizko kultur sorgune espazioa etengabeko sormen eraikuntzan dagoen espazioa da, gardena eta malgua. Bertan, argi daukate zeintzuk diren euren helburuak: “sortzeko baldintzak bultzatzea, toki katalizatzaile bat izatea, trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa bultzatzeko, sormena oinarri eta sorkuntza garaikidea helburu duen espazioa izatea”, Irantzu Lekue ARTgiako kide den artistak azaldu duenez.

Informazio gehiago, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button