MUSIKA

Bi lagunek astindutako marakak

Raul Romo (saxo eta flauta) eta Hasier Oleaga (bateria eta perkusioa) musikariek Maracas para Dos izeneko egitasmoa abiatu dute Gasteizen, bai eta estreinako lan homonimoa ere argitaratu. Diskoan erritmo beroak bildu dituzte, hala nola, groove, funk, jazz, elektronika eta latin.

Bikote jazz zale honen lana dantzagarria da; bateriak eraikitako oinarri bizien gainean saxoa entzuten da gora eta behera, jolasean. Mr. Boss-ek, halaber, soinu-efektuak sartu ditu. Guztira dozena bat doinu jaso dituzte, nagusiki  instrumentalak, eta grabazioaz eta nahasketaz Timoteo Ozaeta Jalas arduratu da. Diskoa crowdfunding-aren bitartez finantzatu dute.

Romok saxoa ez ezik, bestelako instrumentuak ere jo ditu diskoan, tartean, flauta eta teklatua. Kolaborazioei dagokienez, Koldo Uriartek piano soloa grabatu du Piano que me estas matando doinuan.

Emaitza jazz kutsuko disko dantzagarria da, groove handiko, klubetan entzuteko eta hezurdura astintzeko aproposa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button