Nontzeberri

Bi erakusketa berri Artiumen, aurtengo programa artistikoari amaiera emateko

Bi erakusketa berri jarriko dira Artiumen, Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren 2019ko programa artistikoari amaiera emanez.

Antoni Muntadasen sormen proiektua da lehena, urriaren 5etik  urtarrilaren 12ra bitarte ikusi ahalko dena. Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni izenburuarekin,  kataluniar artistaren lanaren begirada analitiko bat eskaintzen du obrak, 70eko hamarkadan hasi eta gaur arte. Proiektu hau, Artiumek eta Boloniako Arte Modernoko Museoak (MAMbo) ekoitzi dute elkarrekin.
Antoni Muntadas (Bartzelona, 1942) artistak, gai sozialak, politikoak eta komunikaziokoak jorratzen ditu, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko harremana esparru sozial jakinetan. Gainera,  hainbat euskarritan eta modutan aurkezten ditu bere lanak: argazkiak, bideoak, argitalpenak, internet, edota hiri-eremuetako instalazioak esku-hartzeak ere egin ohi ditu. Bere lanetan ohikoak diren gai batzuei buruzko hausnarketa egiten du: “boterearen mekanismoak, kontrol-gailuak, kapitalismo transnazionala eta informazioaren eta komunikazioaren manipulazioa”.
Aipaturiko erakusketa artistak Euskadin aurkeztuko duen lehena izango da.

Eta bestetik, Elena Mendizabal artistak eskultura proposamena dakar. Bertan, 80ko eta 90 urte hasierako obra aipagarrirenen ondoan, azken urteetan egindako beste obra batzuk  jarriko ditu ikusgai. Artistak “eferbeszentzia-une bat bizi izan zuen”, eta bere belaunaldiko beste sortzaile batzuekin batera, “errealitate sozial eta politiko berrien alde egin zuen, nazioarteko arte-joerak bereganatuz”.  Era honetan, bestelako materialen erabilerak proposatu zituen: poliesterra, beruna, parafina, zura… “pieza askoren polikromiak eta hizkuntza formal desberdin baten bilaketa”. Azken lanetan ere ezaugarri horiek berak agertzen dira berriro, esaterako, ohikoak ez diren materialen erabilera (kartoia, plastilina, lokatza).

“Erakusketak proposatzen duen denbora-jauziak bide ematen digu bi obra multzo horien artean eta azpian -elementu komun batzuk gorabehera- dagoen tentsioa egiaztatzeko, eta, aldi berean, agerian uzten ditu” azaldu dute Komisariotza taldeko Enrique Martinez Goikoetxea kideak.
Erakusketa azaroaren 9tik aurrera egongo da ikusgai.

Informazio osoa, artium.eus web atarian.

Exit mobile version