IKUS-ENTZUN

Bi astez luzatuko da aurten Zinegoak Jaialdia

Gaur goizean aurkeztu da aurtengo Zinegoak jaialdiaren 14. edizioa, inoiz baino indartsuago, izan ere, aurtengo berrikuntza da egitaraua aste bakarrean metatu beharrean, bi astez luzatuko dela LGTB-ren inguruan ardazturiko programazioa. Hala, Zinegoak otsailaren 20tik martxoaren 5era arte egingo da Bilbon.

Berrikuntza horren zioaz  Pau Guillen zuzendaria mintzatu da: “Bi arrazoi izan dira luzapena ekarri dutenak. Alde batetik,  publikoak eginiko eskaera bat izan da, batzuetan kontzentratuegi zegoen programazioa eta emanaldi guztietan ezin iritsi, eta beste aldetik, dokumentalei garrantzi handiago eman nahi diegu aurten”. Hortaz, bi asteko iraupena izango du jaialdiak, dokumentalei indar berezia emateko eta publikoak antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzeko aukera gehiago izan dezan.

Hortaz, lehenengo astean dokumentalak eta zine esperimentala izango dira protagonistak Bilborock eta Bilbao Arte Fundazioko Art House Zineman. Aste hori ohorezko saria ematearekin hasiko da. Ohorezko Saria Joao Pedro Rodriguesek jasoko du aurten, eta gainera, berak ere Masterclass publiko bat eskainiko du.

Programazioan, 21 fikziozko film luze, 14 dokumental luze, eta 60 film labur pantailaratuko dira. Tartean, hainbat jaialditan saridun suertatu diren film hunkigarri eta erakargarriak. Euskal produkzioak ere bere txokoa izango du, eta hala, Mara Mara (David Aguilar), eta Etxera Bidean (Xabier Madariaga) lanak ikusi ahal izango dira.

Beste sari oso berezi bat emango zaio, kasu honetan, Queer Kampala jaialdiari. Jaialdi hori Ugandan antolatzen da, eta bertan, homosexualitatea debekatuta dago!!!. Hassan Kamoga bere zuzendaria Bilbon egongo da saria hartzeko eta bere film bat emateko. Hortaz, aurten,  Zinegoakeko protagonista nagusietako bat Afrikako LGTBren errealitatea izango da, eta Queer Afrika zikloa egingo da otsailaren 21 eta 24 artean. Afrikako lau herrialde ezberdinetako lanak proiektatuko dira: Call me Kuchu (Uganda), Born this way (Kamerun), Difficult Love (Hegoafrika), Tchindas (Cabo Verde).

Betiko lez, Zinegoak heldu baino lehen, 3, 2, 1… Zinegoak! abiatuko da elkarte eta erakunde ezberdinekin batera (Bilboko Guggenheim Museoa, Chrysallis Euskal Herria, BBF, Bilbao Webfest, Pikara Magazine, Sare Lesbianista, Gaymer elkartea,…) hainbat jarduera antolatuta, hala nola, Regarding Susan Sontag dokumentalaren proiekzioa, edo Pikara Magazine eta Sare Lesbiansitaren kontzertua eta errezitaldi poetikoa.

Zinegoak Hedapena

Zinegoak Jaialdiak Euskal Herriko hainbat herrietan ikusten da gero, eta bere hedapena gero eta zabalagoa da urterik urte. Aurten 32 herritan antolatuko dira saioak, eta martxoan 40 proiekzio baino gehiago izango dira bazter askotan.

Zinegoak, gero eta sendoago eta interesgarriago.

Bere programazio guztiak hemen topatuko duzue: Zinegoak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button