MUSIKA

“Beste denbora batean”, Gari kantariaren disko berria

Gaur goizean, Bilboko Arte Ederren Museoan, Gari kantariak bere azken lana aurkeztu du: Beste denbora batean.
Gari ibilbide luzeko sortzailea da musikagintzan.  Hori horrela, “musikari legazpiarraren ibilbide oparoak bere lekutxoa dauka Bilboko Arte Ederren Museoak euskal artearen azken hamarkadetako ibilbidearen inguruan prestatu duen erakusketa antologikoan. Bertan, Oteiza edota Chillidaren lanez gain, euskal musikak azken hamarkadetan izan duen jardueraren isla erakusten du Xabier Erkizia komisarioak gidatu duen erakusketak”.

Gariren disko berriaren garapenik nabarmenena norabidearen aldaketan datza, bere betiko estiloari jarraipena egin dion arren. Lan berria El Tigre eta Tio Pete estudioetan grabatu da, We Are Standard taldeko Jon Aguirrezabalagaren agindupean eta Gari berak ekoitzita. Diskoak dakartzan sorpresetariko bat Mercedes Sosaren kantu baten bertsio zoragarria da.

Kantuetako letrak egiteko orduan beste hainbat sortzailerengana jo du Garik, eta hala, letretan Igor Elortza, Jon Benito, Mari Luz Esteban eta Juan Luis Zabalaren hitzak topatuko dituzue. Bidaide duen Maldanbera taldea osatuz, bestalde, Borja Barrueta bateria-jolea eta Gorka Benitez saxofonista aritu dira.

Gaur goizeko aurkezpenarekin bat eginez, Garik ekitaldi berezi bat antolatuko du aipatutako museoan. Arratsaldean, 20:00etan, musikariak kontzertu intimo bat eskainiko du bere bakarkako ibilbideko hamargarren lana aurkezteko. 120 pertsonentzako ekitaldi pribatua izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button