Nontzeberri

Bertsolariak eta kultur adierazpide desberdinetako sortzaileak aurrez aurre

Lankuk bultzaturiko Buruz buru proiektuan zazpi bertsolari kultur adierazpide desberdinetako sortzaileekin elkartu dira, eta emaitza liburu formatuan atera da. Testuak hornitzeko Malen Amenabar ilustratzailearen hainbat lan ere inprimatu dira.  Atzo aurkeztu zen proiektua Igor Elorza, Uxue Alberdi, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña, Manex Agirre, Danele Sarriugarte, Malen Amenabar eta Marta Agirrezabalaren presentziarekin.

Lankuk berak eman ditu lanaren nondik norakoak: “Zergatik argitaratu dugun lan hau? Bada, bertsolaria kulturgile sortzailea da, eta sortzen du orain eta hemen dituen kezka eta ziurtasunetatik. Kezka eta ziurtasun horiek, aitzitik, aldakorrak dira, eta, egokitu eta moldatu ohi dira inguruarekin harremanean; hau da, beste kulturgile sortzaileen kezka eta ziurtasunekin harremanean. Hartu-eman konplize horien emaitza da liburuxka bakoitza, eta abiapuntu adina estilorekin egingo duzue topo atal batetik bestera zoazten heinean; narraziotik gertuago daude batzuk, saiakeratik besteak. Hausnarketarako gai oso interesgarriak mahai gaineratuko dizkizuete, nolanahi ere, bikote guztiek.
Bertsolarien eta beste sortzaileen arteko elkarlana oholtzan askotan ikusi izan dugu (musikariekin, zientzialariekin, marrazkilariekin, idazleekin, antzezleekin…) paperen ordea ez hainbeste eta hona ekarri nahi izan dugu”.

Lankuren asmoa da gauza puntuala ez izatea, “egitasmoa estreinakoz plazaratu dugun arren, aurrera begira ere bertsolariei foro honetan lekua ematen jarraitzea da gure asmoa”.

Exit mobile version