Nontzeberri

Bertsoari neurria hartu dio “Jakin” aldizkariko azken zenbakiak

Kalean dago dagoeneko Jakin aldizkariak argitaratutako atal berezia. Bertsozale Elkarteak, eta EHUko Harkaitz Zubiri eta Xabier Aierdi soziologoek burututako bertsolaritzaren ikerketa soziologikoa abiapuntu hartuta, “bertsolaritzari buruzko ikerketak utzitako argazkian  sakontzen duena”.

Bertsoari neurria hartzen  atal berezi honetan, Harkaitz Zubirik berak laburbiltzen ditu  Xabier Aierdi eta biek burututako ikerketa soziologikoaren datu nagusiak.  Ildo honetatik, bertsolaritza kultura kontsumo gai hutsa baino gehiago dela arrazoitzen du Jakin zenbaki berezi horretan, eta kultur adierazpide txikiek arnasbideak topatzeko,  proiektu soziokulturalak doitu behar dituztela baieztatzen du, “are gehiago, gero eta globalizatuago bizi garen gizarte honetan”, bere esanetan.

Gainera, ikerketako datu nagusiak azaltzearekin batera, bertsolaritzaren arrakastaren gakoak ematen ditu: sozializazio guneak sortu izana, transmisio katearen egituratzea, plazaren dibertsifikazioa eta beste mugimenduekin artikulatzeko gaitasuna, hain zuzen ere. Hala, bertan laburbiltzen dira ikerketako datuak eta bertsolaritza gizarte mugimendu bezala definitzearen arrazoiak.

Jone M. Hernandez Garcia antropologoak, ikerketaren alderdi antropologikoaren zenbait gako azaltzen ditu atal berezi horretan. Bertan, bertsolaritzak bere izaera eta praktika definitzeko eta birdefinitzeko orduan agerian uzten dituen “genero-­‐tentsioak” aztertzen ditu EHUko antropologoak. Bere esanetan,  “bertsolaritzak etorkizuna izango du, neurri batean bertan dagoen dibertsitatea artikulatzen asmatzen bada”, argitalpenean irakurri daitekeenez.

Eta azken begirada baten, hiru belaunaldi ordezkatzen dituzten Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak bildu ditu mahai inguruan Miren Rubio kazetariak. Bertan bertsolaritzaren azterketa soziologikoa 2015-­‐2018 ikerketako emaitzak aletzen dituzte, datuen atzean dagoenaz hausnartuz eta bakoitzaren bizipenetatik abiatuz.

Gainera, solasaldi gisarako hausnarketa hauek, Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak Kontrako eztarritik liburuan jasotako hamabost emakume bertsolariren lekukotzetan ere sakontzen dute.

Informazio gehiago: Jakin

Exit mobile version