Nontzeberri

Bertso-sorta zahar eta berriei mugimendua eman

Haatik dantza konpainia Errimak Bi Oinetan lan berria oholtzaratzen ari da makina bat tokitan. Barikuan, 24an, Tolosako Leidor Aretoan izango duzue obra hori ikusteko beste aukera bat. Konpainiaren esanetan, “bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, bertso-sorta zahar eta berriei mugimendua eman eta gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzeko aukera ematen duena”.

Haatik taldeak konpainiaren lehen lana izan zenaren irakurketa eraberritu bat da proposatzen du orain, bertsoak eta dantza uztartzen dituena, hain zuen. Hala, bertsolaritzaren oinarriak eta funtsa dantzara ekarriko dituen ikuskizunak, lantalde ezin hobea du atzean: Unai Elizasu aurkezle eta gai jartzailearen esanetara, Sustrai Kolina, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Odei Barroso, Ibon Ordoñez  edota  Uxue Alberdi arituko dira; Xalbador edota Lazkao Txiki bertsolari handiek  garai batean sortutako bertsoak, Bixente Martinez buru den Igelaren Bandak musikatuko ditu; eta Aiert Beobide, Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga, Nagore Zabala koreografoen mugimenduek, eta Maialen Arzallus bertsolari lapurtarraren eta Thierry Biscary Kalakan taldeko kide ohi baxenabartarraren ahotsek lagunduko diete.

Errimak Bi Oinetan lana baina, lehenarekin alderatuz ezberdina da emankizun bakoitzean,  “saioa aldi oro bihurtzen delako ezberdin, testuinguruak eta gaiak aldi oro aldatzen direlako”. Izan ere, bertso saioak bezala, antzoki eta areto handietan egiteko emanaldi egokia izan arren, espazio ezberdinetara erraz moldatzeko aukera emango duen formatu sinple batean oinarritzen da emanaldia, “areto txiki zein frontoi edo kaleko eskenatoki batean eskaintzeko aukerarekin”.

Informazio gehiago: Haatik

Exit mobile version