BERTSOTAN

Bertso Eguna, larunbatean Mungian

Larunbatean, urtarrilaren 27an, Bertso Eguna egingo da Mungian. Bertso Egun ibiltariaren lehen edizioa antolatzeko Mungiako Udalaren eta Taket Bertsolaritza Alkartearen laguntza izan du Bertsozale Elkarteak.

Bertso Egunaren lehen ekitaldia eguerdian izango da Torrebillelan. Alaia Martinen esanetara musikarien eta bertsolarien arteko gogoeta egingo da. Bertan parte hartuko dute Rafa Rueda eta Maria Rivero musikari eta abeslariek eta Jon Maia bertsolariak. Jarraian, poteoa izango da Mikel Barandiaranek eta Julene Otegik girotuta.

Bazkaria ere berezia izango da. Zaleak hiru taldetan banatuko dira eta bikote bana arituko da kantuan elkarte gastronomiko bakoitzean: Julio Soto eta Onintza Enbeita Ehiza eta Arrantza Elkartean, Sustrai Colina eta Miren Amuriza Anaitasuna Elkartean eta Igor Elortza eta Jone Uria Guri Zer elkartean.

Geroko jaialdian bost bertsolarik parte hartuko dute: Amets Arzallus, Manex Agirre, Sebastian Lizaso, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga bertsolariek. Alaitz Rekondok jarriko dizkie gaiak. Artista gonbidatuak ere izango dira: Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria eta Jon Martin bertsolaria, besteak beste.

Egun ederra izango da bertsoaren inguruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button