LITERATURA

“Berriro eta Behin”, Txillardegi gogoan

Jose Austin Arrietak plazaratu du Txalaparta argitaletxearekin Berriro eta Behin lana, hizkuntzaren inguruan Txillardegik egin zituen ekarpenak aintzat hartu eta goraipatzeko.

Bulegoan jaso dugun liburuaren kontrazalean hauxe irakurri ahal da: “Bizitza ia osoa eman du Joxe Austin Arrietak euskararen eta euskal kulturaren bueltan, gaiotan aditua ez dela dioen arren. Izatekotan, aritua, aharditua, aharitua edo akitua omen, Berriro eta behin honetako pasarte batean azaltzen digunez. Hala ere, HUHEZI fakultateko lagunek euskal kulturgintza modernoaren transmisioari buruzko hitzaldia ematea eskatu zioten, eta Euskaltzaindiak Txillardegiren hil berri txostena idaztea”.

Liburu honetan bildu dira saiakera biak. Orriotan daude jasota gure hizkuntzaren eta gure herriaren burua altxa-ezinei buruzko kronika pertsonal bat, Txillardegiren obrari buruzko zenbait hausnarketa eta, Joxe Azurmendik hitzaurrean dioen bezala, gerraosteko belaunaldiaren lorpen handiaren argazki bat: mundu-ikuskera galdu edo apurtu baten berreskuratzea eta berri baten eraikitzea; euskararen unibertsoarena, “konbentziturik munduak guri eta guk munduari egin ahal diogun oparirik ederrena horixe dela”.

Liburuaren azken orriotan poema luze bat dator eranskin moduan: Izokinaren kantua. Honen aurrean beste eranskin bat, J. M. Odriozolaren Estatu etnozidaren kontra liburuaren inguruan Arrietak eginiko komentarioekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button