ESZENA

“Berriketan” flamenkoa eta txalapartaren soinua uztarturik

Dantza Zirkuituaren barruan, Zornotza Aretoan egongo da ikusgai bihar, azaroak 23, 20:15ean, Berriketan koreografia, Askoa Etxebarrietak (La Pulga) eskainiko duen proiektua.

Alegria, buleria, tangoak, fandangoa eta beste hainbat erritmo ezberdinekin uztarturik, perkusio, gitarra eta kejioen artean, dantza eta txalapartaren arteko elkarrizketak ikus eta entzun ahal izango dira. Oholtza gainera igoko den taldea eskarmentu handikoa da, eta flamenko eta txalapartaren arteko elkarrizketa bitxiak planteatzen ditu; “benetan ikuskizun berritzaile, aberasgarri eta oso sentibera da flamenko eta euskal kulturaren maitaleentzat”.

Euskal sustraiak eta flamenkoa uztarturik, goxotasun eta energia handiko ikuskizun berezia eskainiko du taldeak. Proiektua, batez ere, perkusioarekin eta dantzarekin hasi zen; baina aurrerago, musika-tresna melodikoak (esaterako, gitarra) eta kantuak sartzeko beharra ikusi zuten.

Askoa Etxebarrieta da La Pulga dantzaria, baina berarekin batera Mikel Aveiro (perkusioa), Adrian Larrañaga (perkusioa), Jose Gil Giliyo (kaxoia),  Aitor Escobar (gitarra), eta Angel Lopez de Toro (ahotsa) daude, eta denek Berriketan taldea osatzen dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button