Nontzeberri

Bernardo Atxaga eta Angel Lertxundi elkartuko ditu “Eztabaidak literaturarekin”ekimenak

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak literaturarekin ekimenaren urteko azken hitzorduan,  gure literaturako bi erraldoi elkartuko ditu: Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga.

Idazle baten azkenengo eleberria izenburupean euskaraz egingo den topaketa bihar, abenduaren 17an, arratsaldeko 19:30ean izango da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Gainera, bertaratzerik ez duenak, streaming bidez jarraitu ahal izango du saioa kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Eztabaidak literaturarekin izeneko ekimenak, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakontzeko gonbidatutako idazleekin jende aurreko solasaldiak antolatu ditu aurten ere. Hala, ekimenean antolatu diren aurtengo saioetan parte hartu dute, besteak beste, Arantxa Urretabizkaiak eta Asier Serranok, Suso de Torok eta Marius Serrak, Maialen Lujanbiok eta Uxue Alberdik, Miguel Sanchez Ostizek eta Miguel Gutierrez Garitanok, Luisa Etxenikek eta Marian Izaguirrek, Julia Otxoak eta Edurne Portelak, Mariasun Landak eta Bernardo Atxagak, Luis Sepulvedak eta Isaac Rosak, Ana Merinok eta Manuel Vilasek, eta Ane Irazabalek eta Karlos Zurutuzatza kazetariek ere. Ildo beretik, hortaz, aurtengo edizioari amaiera emateko luxuzko bi idazle elkartuko ditu biharko saioak.

Oraingoan, moderatzailea Pili Kaltzada kazetari eta idazlea izango da, eta idazleen azken eleberrien inguruko hitzaldia proposatuko du. Badirudi horrela izango dela Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak liburuarekin. Argitaratu berria da, eta egileak berak azkena izango dela iragarri du. Baina Pili Kaltzadak beste kontu batzuk proposatuko dizkie, bi idazleek leku aipagarria baitute euskarazko literatura unibertsaleko idazle klasikoen artean, izan ere, eleberria, poesia, ipuina eta saiakera landu dituzte eta euren lanak hizkuntza ugaritara itzuli dira.

Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa) Filosofia eta Letretan lizentziatua, idazle, literatur kritikari, kazetari eta gidoilaria ere bada. 1999an Euskadi Literatura Saria jaso zuen Argizariaren egunak eleberriari esker. 1994an, narratibako Literatura Sari Nazionaleko finalista izan zen euskal literaturako funtsezko liburu den Otto Pette eleberriarekin. Halaber, Kritikaren Sari Nazionala lortu zuen 1983an eta 1991n, eta, bere literatur ibilbide osoaren omenezko Rosalia de Castro saria jaso du. Eskarmentuaren paperak (Alberdania, 2010) saiakerarekin 2010eko Saiakera Sari Nazionala irabazi zuen. Idazle oriotarrak, Itzuliz usu begiak saiakera argitaratu berri du Alberdania argitañletxearen eskutik.

Bestalde, Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa) ezizenez ezaguna den Jose Irazu Garmendia idazle eta euskaltzainak Letren Sari Nazionala jaso berri du, euskararen eta gaztelaniaren modernizazioan eta nazioarteko proiekzioan egindako ekarpenarengatik. Euskarak duen idazle unibertsalenak Narratiba Sari Nazionala jaso zuen 1988an  Obabakoak eleberriarengatik. Eleberri horrek, La odisea, Alicia en el país de las maravillas edo El señor de los anillos lanetan, besteak beste, sortu den bezalako literatur unibertsoa sortu du, eta Estatu Batuetako editore talde batek, garai guztietako 100 literatur unibertso garrantzitsuenen artean sartu du. Saria Etxeak eta hilobiak (Pamiela) argitaratu berri duen une berean jaso du.

Eleberri horretan, Atxagak garai eta leku ezberdinetako hainbat pertsonaiaren istorioak ehuntzen ditu, bere bizipenen zertzelada batzuekin uztartuta. Alfaguara argitaletxeak gaztelaniazko bertsioa kaleratuko du datorren otsailean.

Informazio gehiago duzue, Bidebarrieta Kullturgunearen webgunean

Exit mobile version