MUSIKA

“Hesia urraturik” oratorioa, Gasteizen entzungai

Joxan Goikoetxeak Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena ospatzeko Hesia urraturik oratorio sinfoniko-korala idatzi du. Kontzertu berezia hainbat tokitan zabaltzen ari da, eta larunbat honetan Gasteizeko Teatro Principal Antzokian entzuteko eta ikusteko parada egongo da, 19:00etan hasita.

Joxan Goikoetxeak oratorio sinfoniko-korala idatzi du Oiartzungo poetaren testu eta doinu sorta birmoldatzeko. Oratorioak gutxi gorabehera 75 minutu irauten du, 13 zati ditu, eta bere kezka eta zalantza existentzialistak (pasioa, fedea, etsipena, aberria, nostalgia, maitasuna, elkartasuna, adiskidetzea, erredentzioa, itxaropena…) islatzen ditu.

Joxan Goikoetxeak azaldu duenez, “Nire asmoa ez da izan, inola ere, bere ibilbide, fase eta etapen ikuspegi edo hurbilketa integrala edo osoa eskaintzea. Hori ezinezkoa da horrelako obra bakar baten, oso zabala izan arren. Lanak 13 zati izatea ere kapritxotzat har daiteke. Hasieratik argi neukan ez nuela egin nahi Leteren kantuen ber-harmonizazio garbi eta soil bat edo instrumentazio sinfonikoago bat. Xabierrek berak baztertu zuen hori. Kasu batzuetan eta normala den bezala, doinu berriak sortu ditut halakorik ez zuten testuetarako. Beste kasu batzuetan “dekonstrukzio” musikalaren teknika deitu nahi izan dudana erabili dut, lehendik zeuden testuak eta doinuak zatituz, eraldatuz eta gurutzatuz.”

Proiektu hau Iñaki Tolaretxipik, Landarbaso Abesbatzako zuzendariak, bultzatu du. Juanjo Ocónek Kaabestri Ensemble Orkestra eta Landarbaso Abesbatza zuzenduko ditu, eta Miren Urbieta-Vega soprano eta Beñat Egiarte tenor ospetsuak arituko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button