BESTELAKOAK

Urrezko Luma Saria, Andres Urrutia Euskaltzainburuarentzat

Gaur, ekainak 7, Bilboko 46. Liburu Azokaren barruan, Arenaleko ibilbidean, Euskaltzaindiako presidentea den Andres Urrutiari Urrezko Luma Saria eman zaio, “lan zabal eta ugaria egin duelako euskararen alde, bai eta euskara eremu arrotzean txertatzen eta ageriko ere egiten saiatu delako”.

Urrutiak eskertu egin du saria, baina euskalgintzan aritzen den norbanako eta elkarte orori dedikatu nahi izan dio, “aurrera gogoz eta arimaz egin dezagun lana”. Berak ere lanean segituko duela aitortu du, “luma hau euskararen alde lan egiteko erabiliko dut notariako agirietan euskara ere egon dadin, aurretik dugun ibilbidea handia baita”.

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak burutu zituen, 1976an lizentziatu zelarik, abokatu-ekonomista sailean. 2015ean Zuzenbideko doktoregoa burutu zuen, unibertsitate berean. Notarioa izateko lehiaketak Madrilen prestatu zituen eta, gainditu ostean, Ondarroako notarioa izan zen 1981-1994 artean. Geroztik Bilboko notario bulegoan egiten du lan. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Fakultateko irakasle da eta euskara koordinatzaile ere. Euskal Herriko Foru Zuzenbideari buruzko Legea atondu zuen legelarien batzordean parte hartu zuen. Aldi berean, arlo juridikoan ondu ditu hainbat lan lexikografiko eta terminologiko euskararen inguruan. Testu juridikoen itzulpenean ere aritu da. Literaturaren arloan, euskarazko autore klasiko batzuen edizioak prestatu ditu (Eguzkitza, Erkiaga…) eta narrazioak (Berbondo, Orrialdeak…) eta itzulpenak ere (Méndez Ferrin, Neira Vilas…) burutu ditu. 2016An, Istorioak, alegiazkoak, nahiz egiazkoak izenburuarekin, Blas de Oteroren Historias fingidas y verdaderas lanaren itzulpena aurkeztu zuen.
Euskaltzainburua da, 2004ko abenduaren 17an aukeratua. Akademiak 1997ko martxoaren 21ean izendatu zuen euskaltzain oso. Zuzenbidearen Euskal Akademiaren presidentea da, 2016ko martxotik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button