Nontzeberri

“Benito Ansola” sariak lanak bidaltzeko epea luzatu du

Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat izan zen Benito Ansola lekeitiarra, eta bere izena daraman sariak parte-hartzeko epea zabalik duzue oraindik, irailaren 20an amaituko baita.

“18 eta 36 urte arteko sortzailea bazara, ikus-entzunezko lan bat ekoizteko 3.000€ eskuratu ditzakezu bertan parte hartuta. Irabazleak urte bateko epea izango du lana ekoizteko eta 2020ko Euskal Zine Bileran aurkeztu ahal izango du. Deialdian parte hartu nahi duten gazteek, ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu behar dituzte. Epaileek 3 lan aukeratuko dituzte aurrez aurre aurkezteko. Horietako bat izango da edizio honetako irabazlea”.

Deialdi honetara, ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu daitezke, jatorrizkoak eta beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.
Euskararen presentzia ezinbestekoa izango da, ahozkoa edo idatzizkoa euskara hutsean. Beste edozein hizkuntzaren presentzia, ikus-entzunezkoan ondo arrazoitu beharko da.

Bosgarren edizio honetan, hainbat berrikuntza dakartza sariketak. Adibidez, irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da. “Hauen egileek, Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dute proiektua epaileen aurrean. Horien artean erabakiko da V. edizio honetako irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, eta 10 hilabeteko epea izango du aurkeztutako proiektua burutzeko”.

Benito Ansola sariak euskal kultura zabaldu eta sortzaile gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten lagundu nahi die.

Sariketarako bete beharreko kontu guztiak, hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version