EZLEKUBAT

Beñat Goitia: “Konnotazio literario handiko sinboloa da Montauk”

Argazkiak: Dospordos

Beñat Goitia abeslari eta gitarra-jotzailearen bakarkako doinuetatik sortu den proiektua da Montauk, oraintsu, Bilaketan lehendabiziko lana argitaratu dute gasteiztarrek. Diskoak giro akustikoetan eraikitako bederatzi pop-rock doinu intimista biltzen ditu, folk eta country estiloetatik edaten dutenak, esperimentaziorako joera sotila ere erakutsiz.

Diskoa Jonan Ordorikak grabatu, nahastu eta masterizatu du Azkarateko Katarain eta Mamia estudioetan, 2016ko martxoa eta apirila bitartean. Beñat Goitia solastatu gara disko berri horren detaileetan murgiltzeko asmoz.

Beñat, Montauk zure kantuetatik abiatutako proiektu bat da, ezta? Nola hasi zineten elkarrekin jotzen?

2014ko azaroan, 10 kantu inguruko errepertorio bat nuen prestatua. Bi aukera nituen: bakarkako bideari ekin, kantuen alde intimistena agerian uzteko, edo bandarekin kantuak gorpuztu eta indartu. Bigarren bidea hautatu nuen, bandak kantuei eman diezaieken babesa eta gorpuztea ordezkaezina delako. Horrela, Gorka Etxebarria bateria jolearekin eta Jon Aranburu gitarra jole ohiarekin harremanetan jarri eta hirurok hasi ginen lokaleko gorpuzte prozesuarekin. Kantuak etxean maketatuta pasatu nizkien eta lokalean bakoitzak bere ukitua eman zien. Beranduago, Goio Saenz baxu jolea eta Aitor Garcia de Vicuña egungo gitarra jolea sartu ziren taldean, eta haiekin sortu zen Montauk. Kantuak bakardadearen soiltasunetik bandaren handitasunaren dimentsiora igaroarazi ditu Montaukek.

Zure kantuek AEBetako folk eta country estiloetan sustraituta daude. Nola iritsi zinen soinu horietara eta zergatik hautatu zenituen?

Hautaketa baino, inkontzienteki, zeharka sortu den ildo bat izan da. Nire eta gure erreferente gehienak AEBetako musika taldeak dira, eta gau eta egun bertara begira gaude. Egun, horren esparru zabala barne hartzen duen americana delakoaren adibide ezagunena Wilco izan liteke beharbada, nire talde kuttunenetakoa. Bada, Wilcoren ildotik, folk akustiko herrikoienetik, distortsio basatiagoetara jauzi egiten dute Montauk-en kantuek.

Izenak ere kutsu estatubatuarra dauka.

Montauk New York ondoko hiriburu bat da. Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria irakurtzen ari nintzela, bertan Max Frisch idazle Suitzarraren Montauk izeneko nobela ageri da. Indar fonetiko handiko letra pilaketa iruditu zitzaidan, eta taldearentzako egokia izan zitekeela. Ondoren izenaren inguruan bila jarri eta hiriburu baztertu gisa aurkeztu izan da zenbaitetan, Ameriketako Estatu Batuetako armadak gerra psikologikoa garatzeko base militarra izan du bertan, etab. Konnotazio literario handiko sinboloa zen Montauk eta bide batez gure kantuen hitzek arreta eskuratzeko aitzakia bat ere bazen.

Musikara bueltatuz, Ruper Ordorikaren ondarea ere nabaritzen da tarteka. Gustuko al duzu?

Ruper Ordorika eguneroko ogia baino presenteago dago nire etxean. Ikaragarri pozten nau eragin hori sumatu izanak, zerbait ondo egin izanaren seinale! Ruperrek lehenengo disko gogoangarri hartatik lurrean etzan arte, herrikoitasunari eman dio bizitasuna deskribaezina da. Kantu bakoitzaren edukia, balio literarioa eta lana lehenengo lerroko eredu bilakatu du guretzat. 

Zentzu horretan, Izaki Gardenak, Nire, Joseba B. Lenoir edo Audience bezalako taldeen proposamenetatik gertu ikusten al duzu taldearen soinua? Uste duzu halako korronte americana bat sortzen ari dela gure musikan?

Bai, zalantzarik gabe. Hurbileko erreferente nabarmenak dira aipatutako lau horiek, eta halabeharrez guk egiten duguna haiengandik hurbil egon behar da. Beharbada duela 30 urteko soinu britainiarra ere americanizatu da hein handi batean, eta AEBetara joaten zaizkigu begiak eta belarriak.  

Oso deigarria egin zait, halaber, abesteko duzuen manera hori, xuxurlatzen egongo bazinen bezala.  Hasieratik, berez, abesten duzu horrela edo musikara egokitzen joan zara modu pertsonal hori lortu arte?

Berez, era naturalean sortutakoa da. Etxeko bakardadean gitarra soilarekin erabilitako kantaera mantentzen ahalegindu naiz, baita bandarekin ere, kantuetan kutsu intimista eta pertsonala mantentzeko asmoz. Emaitzarekin benetan gustura geratu naiz, buruan nuena zelako.

Estudiora joan baino lehen lan handia egin duzuela dirudi…

Oso handia. Urteetan zehar ontzen joan diren kantuak dira. Diskoaren izena Bilaketan da eta lan guztiaren izenburua izatea du helburu. Lehenengo diskoak izan ohi diren bezala, bilaketa bat izan da zentzu guztietan. Kantaera, testuen estiloa, kantuen estetika, banda, konponketak… bilaketa zentzu zabalean.

Bandcamp webgunean dauden kantuak entzun ostean, lortu duzuen soinuak harritu nau, talde gaztea zareten aldetik. Horren harira, nolakoa izan da Jonan Ordorikarekin lan egitea?

Jonanekin bizi izan duguna ezin da hitzez azaldu. Diskoa harekin grabatzeko aukera suertatu zen, non eta Katarain eta Mamia estudioetan. Bost egunez egon ginen bertan, egun eta gau, eta ondoren etorri ziren nahasketak eta masterizazioa. Jonanek hasiera-hasieratik sumatu zuen taldearen soinua izan zitekeena, eta uste dut ezin hobeto zetorkiola Jonan Ordorika sound-ari. Jonanek urteetan garatu duen soinua ederra da, goxoa, guri primeran zetorkiguna eta emaitza ere halakoa izan dela uste dut. Estudioko bost egunetan, eskolako hamar urtetan baino gehiago ikasi genuen.

Diskoa atera berri duzue, nolakoa da harrera izaten ari da? Zuzenekoetan ere aurkeztu duzue, ze moduz giroa?

Harrera bikaina izaten ari da momentuz, harrituta gaude. Entzunaldi bat baino gehiago behar duen diskoa da nire ustez. Hitzen abstrakzioaz jabetzeko esaterako, buelta bat baino gehiago behar du, kantuetan gutxika sartzen hasteko. Zuzenekoetan ere primeran. Maiatzaren 26an aurkeztu genuen Jimmy Jazzen, Joseba B Lenoir Gang-ekin batera, eta zoragarria izan zen gaua.

Azkenik, zerbait gehiago aipatu nahiko zenuke?

Eskerrak eman nahi nizkioke Julen Azpitarteri, zoramen hau horrenbeste gusturekin babesteagatik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button