MUSIKA

Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiaryk “Bas(h)oan” argitaratu dute

Amerikar Estatu Batuetako Robbie Basho (1940-1986) gitarra jotzailearen ondarearen inguruan ardaztu dute Bas(h)oan (Elkar) Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary musikariek. Hirukoteak kantu propioak eta moldaketak tartekatu dituzte diskoan.

Bashoren atzean Daniel R. Robinson musikaria dago, XVII. mendeko poeta japoniar bati goitizena hartu ziona. Folk kantaria zen, gitarra akustikoarekin agertu zen lehenetarikoa. Bere musikak, kutsu mistikoa duenak, eragin handia izan du AEBetako musiketan.

Honela azaltzen dute Bashoren ondarea Bas(h)oan diskoan bildutako liburuxkan: “Disko honen gogo argitzailea Robbie Basho musikari paregabea dugu. […] Kantari honek Ameriketako musikaren zerua zeharkatu du izar-iduri poetiko baten antzera. Gitarrista liluragarria, folkaren mugetatik at doana. Amerindiar, persiar baina Indietako musiketarik bilaketa hazten duela, kantari hunkigarria da, bere ahots zirraratzailearekin. Robbie Basho aingeru bat da”.

Hala, esperimentaziotik eta inprobisaziotik abiatuta, diskoak “herri musikarentzat bide berriak” luzatzen ditu.  Bashoren abestiak bost dira, zeinak Itxaro Bordak euskaratu dituen; jatorrizko hizkuntzan kantatuak ere badira, ingelesez alegia. Gero, beste sei kantu berri daude.

Jendaurreko lehen emanaldia Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan egingo dute, abenduaren 14an, 20:00etatik aurrera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button