LITERATURA

Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk

Joxe Azurmendi idazlearen azken obra da hori: Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk (Elkar). Duela egun batzuk aurkeztu da lan berria.

Argitaletxeak helarazi digun oharrean , datu zehatzak datoz liburuari buruz. “Liburu hau osatzen duten saioetako bat multikulturalismoaz eta mestizajeaz ari da, globalizazioaz eta unibertsaltasunaz, négritude mugimenduaren historiatik abiatuz eta gaur egungo hirietaino etorriz; beste batean, herri zapalduek oro har autogorrotorako izan duten joera erakusten zaigu, judu zenbaitek bere jatorriaz izan duten jokabidearen argitan: dela mespretxu eta ukoa, dela itxurazko goratze baina izatezko ahaztura; hurrengo batek historiaren objektua beti eraikuntza bat dela gogorarazten digu, eta iragan asmatuak herri baten sorreran eta bilakaeran daukan garrantzia azpimarratu, hainbat adibide erabiliz: Asterix galiarraren balentriak, Karlos V.a enperadorearen genealogiak, mito zaharrak eta utopia berriak…
Lau saiakera labur, egileak ohi duen estilo ñabar eta bizian, edukietan jantzia eta tonuan zirikatzailea, arrazoiketan malgu baina usteetan finko, erreferentzietan kosmopolita eta keinuetan etxeko. Izan ere, zernahitaz ari dela ere, gutaz ari baita beti Azurmendi, oroipenez eta itxaropenez bizirik jarraitu nahi duen euskal herri baldar baina hala ere maite honetaz.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button