MUSIKA

Cró eta Leun taldeek Zarautzen joko dute ostegunean

Cró eta Leun taldeek Zarauzko Putzuzulo gaztetzean joko dute ostegunean, 21:00etatik aurrera. Cró Vigo hiriko laukotea da, eta Mounstros izenburuko lana aurkeztuko du, iazko abenduan argitaratutako diskoa.

Cibran Rey (bateria), David Santos (baxua), Ruben Abad (gitarra) eta Xabier Nuñes (teklatua) musikariek osatzen dute Cró! rock banda. 2013an, Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketa irabazi zuten, pop-rock atalean.

Taldearen doinuetan askotariko eraginak biltzen dira: rock progresiboa, esperimentala, grungea eta math-rocka, besteak beste. Grunge eztandan sortutako Soundgarden edo Screming Trees taldeekin pareka daiteke galiziarren proposamena. King Crimson eta Radiohead taldeen artean dagoen esparru lausoan ere aritzen direla esan dute zenbait ahotsek.

Bada, ostegunean, Zarautzen izango dira zortzi doinu biltzen dituen Mounstros lan berria aurkezteko. Disko hori 2016ko abenduan egin zen, eta Brazil izeneko estudioetan grabatu, Javier Ortiz teknikariaren zuzendaritzapean. Masterizazioa, berriz, JJ Golden-ek egin du AEBetako Ventura hirian, Kalifornia. Diskoan rocka, jazza eta sormen handiko soinuak biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button