LITERATURA

Blas de Otero poetaren obra guztia

Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Blas De Otero Fundazioak poeta bilbotarraren lan osoa batu duen Obra Completa (1935 – 1977) lana aurkeztuko dute Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean gaur, arratsaldeko 19:30ean. 

Galaxia Gutenberg argitaletxeak kaleratu duen lanak, Oterok olerkigintzan eta prosan egindako ekoizpen lan guztiak jasotzen ditu. Hala, bertan, hil ondoren argitaratutako Hojas de Madrid con La galerna liburukia eta sakabanatuta eta argitaratu barik egon diren olerki ugari, poetaren alargunak, Sabina de la Cruzek, bildu eta atondu ditu. Hortxe ere, argitaratu barik utzi zituen beste biak irakurri ahalko dira: Poesía e Historia (olerkia) eta Nuevas historias fingidas y verdaderas (prosa). Horrez gain, idazlanak eta biografia biltzen dituen argitaratu gabeko Historia (casi) de mi vida lan laburra ere jasotzen du.

2012an Hojas de Madrid con La galerna (Galaxia Gutenberg argitaletxea) argitaratu ondoren, Sabina de la Cruz emaztea eta berarekin aritu den Mario Hernández irakaslea izan dira Obra completa hori prestatzeaz arduratu direnak.

“Argitalpenaren zorroztasunarekin batera, poetaren behin betiko errebelazioa aberasten duten testu eta albiste osagarriak ikus daitezke”.

Esan bezala, gaur bertan aurkeztuko da jende aurrean Bidebarrieta Kulturguneko aretoan. Ekitaldian, Sabina de la Cruz, Mario Hernández, Ibone Bengoetxea, Kultura eta Hezkuntza zinegotzia eta Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordea egongo dira. Aurkezpen ekitaldia osatzeko, José Fernández de la Sota poetak zenbait olerki irakurriko ditu. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button