MUSIKA

Begiz Begi taldearen “Hatsa” diskoa eta Banden Lehia-ren edizio berria

Iazko Banden Lehia lehiaketaren irabazleak argitaratutako diskoa aurkeztu zuen atzo Azkue Fundazioak, alegia, Begiz Begi taldearen Hatsa (Baga Biga). Horrekin batera, lehiaketaren edizioa berria ere aurkeztu zuen.

Baionako taldearen hirugarren lana da Hatsa, aurtengo uztailean Garate estudioetan grabatua, Kaki Arkarazo teknikariaren gidaritzapean.

Taldeak post-rock estiloa jorratzen du, txelo-hotsekin jantzia. Azkue Fundazioaren arabera, “biolontxeloak ikuspegi berritzailea ematen dio post-rockari, tarteka uztartuko ditu ukitu sasi progresiboak, malenkoniatsuak, lasaiak eta indartsuak. Askotan entzutekoa gordeta duen altxorra bistaratzeko”. Iparraldekoek, gainera, Bilbao BBKLive jaialdian  Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Euskal Herria Sona jaialdian jotzeko aukera ere irabazi dute lehiaketan.

Banden Lehia, martxan

Bestalde, Azkue Fundazioak Banden Lehiaren edizio berria abiatu du, zortzigarrena. “Banden Lehiak, euskara, musika eta teknologia lotzen ditu. Eta horrela, hirugarren osagai honek, teknologiak, garrantzi handia dauka garapenean. Izan ere, musika taldeen izen ematea eta publikoaren botoak jasotzeko aukera internet bidez burutzen da”.

Hala, lehenengo fase batean, taldeek botoak jasoko dituzte internet bidez, eta gero, lau finalistak zuzenean arituko dira, azaroaren 25ean, Bilborock aretoan. Emanaldian bertan, zaleek irabazlea aukeratu ahalko dute sare sozialen bidez. Halere, epaimahai batek ere parte hartuko du hautaketa horretan. “Azken erabakiaren %40a aterako da (ikusleengandik). Beste %60a epaimahaiaren esku egongo da, bertan egongo dena taldeen kontzertuak ikusten eta hainbat gauza baloratzen”.

Sariak hauexek izango dira: Baga Biga Musika Ideiak diskoetxearekin disko bat ekoiztea eta 2017ko Bilbao BBKLive eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan jotzea.

Informazio gehiago: bandenlehia.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button