IKUS-ENTZUN

“Begi Belarri” zinema zikloan “Gure sorlekuaren bila” dokumentala

GEU elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu dute datorren urteko apirila bitartean luzatuko den Begi Belarri zinema zikloa. Hilero film bat proiektatzen ari dira Oihaneder Euskararen Etxean.

Hitzordu guztietan bi atal izango dira: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.

Lehen emanaldia Aterabidetik dokumentala izan zen irailean. Urrian, Josu Iztueta, Antxon Arza eta Pablo Dendaluzek eginiko Biziminez izeneko filma proiektatu zen.

Gaur, azaroaren 29an, Josu Martinez zinemagilearen Gure sorlekuaren bila dokumentala eskainiko da. “Hazparne, 1956. Ikusmira handiaren erdian, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental bat estreinatzen da herriko zineman. Hurrengo hilabeteetan Iparraldeko herrietan, Parisen, San Franciscon edo eta Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu eta denek ahaztu egingo dute laster. Hirurogei urte beranduago, Josu Martinez zinemagilea haren bila hasiko da. Komedia-dokumental honetan Josuk detektibe, humoregile eta ikerlari lanak egiten ditu, baina, batez ere Josu izan da”.

Datorren urteko emanaldiak honakoak izango dira: urtarrilaren 31n, Mirentxu Loyartek eginiko Irrintziaren oihartzunak izeneko lana; otsailaren 28an, Gerra Zibilean gudarien emazteek, haurrak besoetan harturik, bizi izandako exodoa kontatzen duen Ama, nora goaz? dokumentala pantailaratuko da, Iban Gonzalezek zuzendua; martxoan, euskaraz ekoitzitako film laburrak biltzen dituen Laburbira jaialdia programatu da.

Apirilean azken saioa izango da: Estibaliz Urresolak zuzendutako Parepezko ahotsak dokumentala ikusi ahalko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button