ARTEA

Bederatzi erakusketek osatuko dute aurtengo “Bilboargazki”

Bilboargazkiren XI. edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Ekimenaren gaineko xehetasunak emateko Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia; Juan Armentia Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidentea; eta Leire Aragon BBKko Gizarte Laneko zuzendaria egon dira.

Beste koordenada batzuk dituzten espazioetara trasladatzen gaituen Bilboargazki azaroaren amaierara arte luzatuko da, profesional ospetsuen bederatzi argazki erakusketa, hitzaldi eta tailerrekin.  Beste behin, “Bilbo argazkiz jantziko da”, esan du Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak.

Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen du zaleentzat erreferente bilakatu den ekimena, izan ere, abangoardiako argazkigintza, zein bestelako gaiak (natura, arkitektura, publizitatea, eta abar) eskaintzen dituen programak puntako artistak ekartzen ditu urtero.

Aurten bederatzi erakusketa berezi antolatu dituzte. Bidaien eta arkitekturaren argazkigintzan espezializatuta dagoen Alacanteko Juan Pablo de Miguel, hegaztien argazkietan espezializatuta dauden Li Yaping eta Wang Yanrong txinatarrak, eta baita ibilbide luzea duten euskal argazkilari batzuk ere, Asier Garagarza (2017ko euskal argazkilari hoberena), Javier Alonso Torre edo Jose Luis Ramirez ekimenean izango dira.

Erakusketa horiek guztiak Bilboko Abando-Barrainkuako eta Burtsako udaltegietan, EHUko Paraninfoan eta Erakusketa Aretoan, Batzar Nagusietako Aretoan, Ondare Aretoan, Espacio Los Mundosen, Café Iruñan, eta FNAC aretoan izango dira ikusgai.

Diogun bezala, Espacio de los Mundosen, naturako argazkigintzan espezializatuta dauden Li Yaping eta Wang Yanrong artista txinatarren Flower and birds erakusketaren izango da. María José Basoain eta Santiago Esparza argazkilari nafarrek Florida: Paraíso natural erakusketan ere naturako argazkiak erakutsiko dituzte eta naturaren zaintza bera ere aldarrikatuko dute lan horren bidez.

Gaur egungo argazkilari azpimarragarrienetakoa den Nai Gallegok lurraren eta emakumearen arteko erlazioan sakondu nahi izan du modu onirikoan. Naturaleza onírica erakusketa hilaren amaierara arte egongo da Café Iruñan. Asier Garagarzaren Uneak erakusketa bisitatu ahal izango da urriaren 16tik 31ra, Burtsako Udaltegian. Juan Pablo de Miguelek Sin dimensión izeneko erakusketa ekarri du Bilbora. Zuri-beltzeko serieak FNACeko erakusketa aretoan izango dira ikusgai. Javier Alonso Torre naturaren argazkilaria da, eta oraingo honetan Susurros de la naturaleza jarriko du ikusgai EHUko Erakusketa Aretoan. Jose Luis Ramirez argazkilariaren Paisajes transformados izenburupeko lanak, urriaren 2tik 30era ikusi ahalko dira Ondare Aretoan. Aukera paregabea izango da Bilbo hiriaren transformazioa zertan izan den ikusi ahal izateko.
Bilboargazkiko edizio honek, 2011n hil zen Jesus Jaime Mota Malagako artistari eskainitako Rostros izeneko erakusketa programatu du. Tanzaniara, Kenyara, Gambiara, Indiara edo Thailandiara egindako bidaietatik ateratako lanek osatuko dute erakusketa. Irailaren 28tik urriaren 15era EHUko Paraninfoko Etxepare-Bizkaia Aretoan ikusi ahalko da.

Horretaz guztiaz gain, hainbat autorek egingo dituzten hitzaldiek, tailerrek eta abarrek osatuko dute aurtengo Bilboargazkiren programazio osoa, zeina bere webgunean kontsultatu ahalko duzuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button