MUSIKA

Patti Smith-ek zabalduko du 45. Heineken Jazzaldia

Aurtengoa 45. Jazzaldia izango da eta gaur aurkeztu dute egitaraua Donostian. Hala, Patti Smith musikari ezagunak jaialdia irekiko du uztailaren 21ean Agertoki Berdean eskainiko duen doako kontzertuarekin (21:30ean). New Yorkeko artistaren emanaldia amaitu eta gero Shibusa Shirazu Orchestrak joko du. Jaialdiaren amaiera berriz, Trinitate Plazan izango da, Kris Kristofferson-ek eta Elvis Costello-k eskainiko duten emanaldi bikoitzarekin. Azken kontzertu hori uztailaren 25ean egingo da.

Jazzari dagokion atalean, Ron Carter kontrabaxu-jotzailea nabarmendu behar da; hirukote bikainarekin ariko da, Mulgrew Miller pianista eta Russell Malone gitarrista tartean. Archie Shepp-ek Mina Agossi abeslariarekin joko du; Dave Holland flamenkora hurbiduko da El Habichuelarekin eta Carmona klaneko hainbat kiderekin; Stanley Clarke Hiromi pianista japoniarrak lagunduta dator eta Wadada Leo Smith azken boladan ikusmin handia pizten ari den taldearekin etorriko da, Vijay Iyer piano-jotzailea bertan dela.

Horiez gain, uztailaren 22an Mulatu Astatkte Etiopiako musikariak The Heliocentrincs bandarekin eskainiko duen kontzertua azpimarratu behar da, baita Toquino bossa nova estiloko gitarra jotzaile brasildarrak eskainiko duena uztailaren 24an. Azkenik, aipatu behar egun horretan indie pop estiloak bere tokia ere izango duela jaialdian The Pains of Being Pure at Heart bandaren eskutik.

Bestalde, 45. Heineken Jazzaldiak kartela hautatzeko lehiaketa antolatu du. Saria 1.200 eurokoa da eta, Heineken Jazzaldia Europako jaialdi garrantzitsuenetakoa eta tradizio handienetakoa izaki, irabazleak bere diseinua milaka pertsonei helarazteko aukera izango du. Lehiaketa horren xehetasun guztiak eta egitarau osoa Jazzaldiaren webgunean jasotzen dira.

Heineken Jazzaldiak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button