EZLEKUBAT

Sormena lanbide

Gizarte post-industrialaren baitan, ekonomia berriaren paradigmatzat hartzen dira Sormen Industriak. Funtsean, lanbide ugaritako gazteen talentuan inbertitu eta sormena zein ekintzailetasuna bultzatzea da gakoa. Britainia Handia da, agian, industria berri horien ispilu, baina Euskal Herrian ere oihartzuna lortu du terminoak. Eredu berri baten aurrean ote gaude? 

“Ama, artista izan nahi dut” esapide famatua belaunaldiz belaunaldi oihukatu izan da mundu osoko gazteen artean; izan ere, arte adierazpena ogibide bezala aldarrikatzea ez da nola-halako lana izan askorentzat. Aurreiritziez harago, ondasun materialen ekoizpenean sostengaturiko gizarte industrialak trabak jarri dizkie jakintzari eta sormenari irtenbide ekonomiko bat eman nahi zietenei.

Euskal Herriaren kasuan, labe garaien eta fabrika tradizionalen sasoi oparoetan, gutxik aurreikusi zuten 1980ko industria-birmoldaketa. Egun, mundu mailako krisi ekonomikoaren testuinguruan, badirudi beste eraldaketa bat nabari dela. Sormenari eta talentuari probetxu ekonomikoa hartzeko apustua egin dute Britainia Handia eta Alemania bezalako herrialdeek. Gurean motelagoa da eraldaketa, baina hainbat trebakuntzadun euskal gazteak hasita daude euren sormena ogibide izan dadila aldarrikatzen. 

Profesional multidiziplinarrak

Zer dute antzerki taldeek, film ekoiztetxeek, arkitektura estudioek, musika taldeek edota argazki galeriek komunean? Guztiek dute sormena oinarritzat eta denak sar daitezke sortzaileen klasea bezala definitu ohi den talde berriaren barruan. Askok ez dute beraien burua horrela ikusten, baina Euskal Herriko hirietan hasita daude euren artean harreman sare profesionalak eratzen. “Lankidetza bultzatzeko eta elkar elikatzeko gaitasuna ari dira lantzen, funtsean, autoestimua eraikitzen”, adierazi du aholkularitza esperimental gisa definitzen den Manahmana Bizkaiko enpresako kide den Bego Maite Jimenezek.

Hain zuzen ere, baliabide askotariko profesionalen arteko elkarlana da, bete-betean, Sormen Industrien zutabe nagusia, eta era espontaneoan garatzen ari da Euskal Herrian. Horren adibide dira Euskal Herriko hirietan eta herrietan garatzen ari diren sormenerako espazio edo tailer alternatiboak, baita erakunde publikoek bultzatu dituzten Gasteizko Krea, Bilbao Arte edota Donostia Kulturaren Hiria ekimenak ere.

 Aldaketa generazionala

 Gure gizartean, “Sormen Industrien ahalmena ekonomikoa” ustiatu ez dela uste du Jimenezek. “Oro har, lokartuta gaude”, erantsi du. Akaso, errealitate horren erantzuleetakoa da behin eta berriz errealitate hautemangarriak aldarrikatzen dituen egungo sistema kapitalista. Horregatik, askok zailtzat jotzen dute sormenean oinarrituriko eredu ekonomiko berria bultzatzea, ez baita orain arte nagusi den produktu fisikoen produkzioan onarritzen. “Euskal Herrian, adibidez, kontzeptu abstraktu bezala definitu ohi dira Sormen Industriak, beraien egiazko potentzialaz jabetu gabe” hausnartu du Jimenezek.

Testuinguru horretan, aipagarria da erakunde publikoek oro har ekonomia eredu berri horrekiko erakutsi duten konfiantza eza. Azken urteotan ekintzailetasuna sustatzeko proiektuak bultzatu badira ere, erakundeak nahiko atzetik dabiltzala salatzen dute Euskal Herriko gazteek. Badirudi krisi garaian gutxik dutela arriskatzeko kemena.

Jimenezek argi dauka belaunaldi berriek dutela aldaketaren erantzukizuna, sormenari buruz hitz egitean, “gazteak” baitira gehien erabiltzen den berba. “Aurreko belaunaldiarekin apurtu behar dugu, bai hezkuntzari, bai lan egiteko moduari edota baita karrera profesionalei dagokienez. Sormena eta ekintzailetasuna bizitza jarrera bat izan behar dira”.”

Hori jakinda ere, Sormen Industriek, hitzak berak definitzen dituen bezala, motore ekonomiko bilakatu nahi dituzte jakintzan eta talentuan oinarrituriko jarduerak. Horretarako, beste ezer baino lehenago, norberak bere buruari jartzen dizkion mugak gainditzea izan daiteke lehen pausua.  

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button