LITERATURA

Beatriz Chivite idazleak “Mugi/atu” poema liburua plazaratu du

Gaur berton, Beatriz Chivite eta Jose Angel Irigaray (Pamiela) Donostiako Udal Liburutegiko sotoan bildu dira, lehenaren Mugi/atu poema liburua aurkezteko.

Beatriz Chivite Ezkietak (Iruñea, 1991) oinarrizko hezkuntza mailak Burlatan egin ostean, Nazioarteko Batxilergoa Duinon (Italian) egin zuen. Horrezkero hainbat hiritan bizi izan da: Beijing, Venezia, Kathmandu, Paris, Jakarta, Taipei… eta egonaldi haietatik hainbat lan izkiriatu ditu, hala nola, Pekineko kea (2017, Pamiela). Lan honekin, 2012an Iruñeko Udalak antolatutako Poesia Lehiaketa irabazi zuen. Chivitek Pekinen emandako ikasturtean ondutako poema-lana da hori. Poemategian, barruko sentimenduak eta kanpoko gertakizunak lotzen ditu poeta nafarrak, “modu erraz, zuzen eta freskoan”. “Elipsiren erabilerak ekialdeko poesiaren aire bat ematen dio, sintonian darabilen gaiarekin. Surrealista ukitu bat ere bai. Kanpo -eta barne- paisaiaren uztarketan ondutako lehen poesia lana”.

Bereak ere badira, Metro (2014, Arabako Foru Aldundia) eta Biennale (2017, Erein). Biak ala biak, lan sarituak. 2017an, Donostia Kulturak eta Donostia 2016k sustatutako Beste Hitzak-Other Words sorkuntza egonaldia egin zuen Mariborren (Eslovenian), “mugei eta migrazioei buruzko egitasmo poetiko batekin”.

Lan berri honetan hau bezalako poemak irakurriko ditu poesia zaleak.

I.

Zuhaitzaren adarrak

muga gurutzatzen du

nongoak dira aranak?

II.

Plataformaren gainean

ezezaguna den guztia

zabal-zabalik dago

gure aurrean.

III.

Marra bat zeharkatu

eta bapatean

aske zara

haurren jolasetan bezala.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button