BERTSOTAN

BBT-ren laugarren kanporaketaren txanda Plentziak hartuko du domekan

Plentziako Jai Alai frontoian izango da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketa saioa domekan, urriaren 28an, 17:00etan.

Bertan, Aitor Bizkarra Ruiz, Arkaitz Zipitria Mendizabal, Gorka Pagonabarraga Agorria, Julen Ibarguengoitia Ordorika, Peio Ormazabal Villanueva eta Peru Vidal Gurrutxaga bertsolariak izango dira norgehiagoko buruz burukoan arituko direnak.

Guztira 9 bertso saio ondu dira udazkeneko fasean, eta domekakoa, finalaurrekoetara pasa aurretik antolatutako laugarrena da. Beste bi saio geratzen dira hortaz, finalaurrekoetarako txartela lortzeko lehian. Lanik onena burutzen dutenek, zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara.

Hala,  Plentziako saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da azaroaren 18an, arratsaldeko 17:00etan, Berrizko Pilotalekuan jokatuko den finalaurrekora baina gainontzeko bertsolariek ere edukiko dute horren aukera, puntuazioaren arabera. Hortaz, kanporaketako saio guztiak amaitzen direnean jakin ahal izango dira, finalaurreko txartela lortu duten bertsolarien izenak.

Eta abenduaren 15an izango da Bilboko Bilbao Arenan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udazkeneko faseko final handia,  finalaurrekoetan lanik onena osatzen duten 8 bertsolarik lortuko dutelarik  bertarako txartela.

Gai jartzailea lanetan Zihara Enbeita Gardoki ibiliko da domekan eta aurreko saioetan egin dituzten ariketa berberak egitea eskatuko zaie Plentziako sei bertsolariei ere.  Hartara, buruz buruko lanean, ofiziotan zortziko nagusian eta txikian, hiruna bertso kantatu beharko dituzte. Puntua emanda halaber, bina bertso asmatu beharko dute zortziko txikian, eta beste hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian. Eta neurketa kartzelako gaiarekin osatu beharko dute bakarkako lanean, beste bina bertsorekin, doinu eta neurri librean.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian salgai daude dagoeneko eta ohi bezala, bazkideek deskontuak izango dituzte. Kanporaketa zein finalaurreko saio guztietara joateko ere, bonoak daude  eskuragarri.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hainbat helbururekin jaio zen. Hala, bertsogintzaren oinarriak finkatzeaz eta garatzeaz gain, euskal kulturgintzari eta komunitate euskaldunari ekarpena egin nahi dio euskarazko kalitatezko sorkuntza eredugarri bat emanez. Horregatik, “txapelketa jendarte anitzaren isla izateko ahalegina da: genero, maila sozioekonomiko, adin, ideologia eta jatorri guztiak jaso eta islatu nahi dituena”, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariaren esanetan.

Txapelketaren informazio guztia duzue Bertsozale.eus atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button