IKUS-ENTZUN

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian saritutako pelikulak, Donostian ikusgai

Mendiko zinemaren irudirik zirraragarrienak BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Festibalak atonduriko Mendi Tourrak eroango ditu Donostiako Antzoki Zaharrera, hilaren 28 eta 29an.

Egun horietako programazioa mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikula zoragarriekin osatu da, mendizale, zinemazale, eta era berean, publiko zabalarentzat gozagarri. Hala, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 12. edizioan saritutako hainbat pelikula jatorrizko bertsioetan eskainiko dira, azpidatziekin lagunduta.

Gaur berton, urtarrilak 28, izango da lehen emanaldia, 19:30ean, film hunkigarri batekin: Cholitas (Epaimahaiaren Saria MF 2019). Emanaldia Pablo Iraburu zuzendariak aurkeztuko du Donostian. Golem zinemetan, Iruñean eta Bilbon, urtarrilaren 24tik aurrera eskaintzen ari da lan hori.
Boliviako bost emakume indigenek (Lydia, Cecilia, Liita, Elena eta Dora) espedizio berezi bat egingo dute. “Ameriketako mendirik garaiena igo nahi dute, askatasun eta ahalduntze erakusle gisa. Haien itxura deigarria da oso: gona tradizionalak jantzita eskalatzen dute. Ez dira eskalatzaile hutsak, mendian libre, zoriontsu eta bizirik sentitzen diren emakume adoretsuak baizik. Abentura honek, emakume izaera inspiratzailea erakutsiko dio munduari eta, bidenabar, tradizioa zaintzeko eta ama naturarekin harremanetan jartzeko bide bat”.

Egunotan ikusiko diren beste film interesgarri batzuk honakoak dituzue: Nebula (Film Labur Onena MF 2019), Jay Trusler zuzendariak egina; Treeline (Sari Nagusia MF 2019), Jordan Manleyk zuzenduta; Climbing Blind (Eskaladako Film Onena MF 2019), Alastair Lee zuzendariarena; eta Eskalada Jasangarria Gipuzkoan (Zabalandi, lehiaketaz kanpo, MF 2019), azken hori Tetxus Barandiaran zuzendariak aurkeztuko du Donostian.

Film horien irudiak eta bestelako datuak BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Festibalak ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button