Nontzeberri

Bazterreko soinu esperimentalak bilduko ditu Zarata Fest-ek

Gaur eta bihar, uztailak 6 eta 7, Zarata Fest jaialdiaren edizio berria egingo dute Bilboko L’mono aretoan. Antolatzaileek adierazi dutenez, musika bitxiaren jaialdi undergrounda da. Horretaz gainera, bertoko, estatuko eta nazioarteko artistek 16tik gora performance egingo dituzte. Emanaldi bakoitzak 20 minutu inguru iraungo du.

Gaurko jardunaldia 20:00etan hasiko da. Egitaraua June Crespo eta Elena Aitzkoa euskal artisten Agatasenelescaner izeneko proiektuarekin zabalduko da. Gero, Caceres hiriko Carlos Valverdek minimal doom soinuak zabalduko ditu gitarra eta elektronika nahastuz. Pariseko Sebastien Branchek, berriz, inprobisazio saio egingo du saxoarekin.

Frantziarraren atzetik, Itsaso Iribarren nafarraren txanda izango da, zeinak ahots eta gorputzaren bidezko performancea egingo duen. Performancearen ostean, Akim Suf (King Cobra) mexikarrak dark ambient giroak sortuko ditu Secrets of the Past, Present and Future izeneko emanaldian. Morten J. Olsen perkusionista norvegiarrak eta Ruben Patiño musikari elektroniko katalanak gidaturiko Navnlaust Monster Opptog taldearena izango da gaueko azkenaurreko kontzertua. Taldeak rocka eta elektronika uztartzen ditu. Eguna amaitzeko, Guadalajarako Dario Moratillak saio elektro eta akustiko burrunbatsua gauzatuko du ordenagailua eta askotariko objektuak direla medio.

Biharko jardunaldia Beatriz Setien artista donostiarraren performancearekin hasiko da, 20:00etan. Gero, Lali Barrière (Bartzelona) eta Hector Rey (Bilbo) musikariek osaturiko KYMYZ egitasmoaren inprobisazio saioa etorriko da. Moon: Dos proiektua ere bikotea da. Madrileko Paloma Carrascok eta Javier Pedreirak osatzen dute eta txeloa eta gitarra tartekatzen dute saio inprobisatu eta elektro-akustikoan. Hirugarren bikote bat ere izango da bihar: Opus Glory Ignominia. Barakaldokoek gitarra eta bateria jotzen dute no-wave estiloko hotsak josteko. Gaueko laugarren bikotea Marta Sainz & Maryah Marymotto dira, Santander eta Toledo hirietakoak, hurrenez hurren. Gitarra akustikoarekin eta Maryahren ahotsarekin muturreko proposamen zaratatsua aurkeztuko dute.

Lau bikote horien ostean, bi bakarlari arituko dira: José Luis Espejo (Madril, bideo-sormena) eta Esmer Di (Mexiko, ordenagailu bidezko saio zaratatsua). Gero, Hungriako Bathory proiektuaren black metal erasoa izango da. Bukatzeko, Lana Dl Rey (Joaquin Lana eta Hector Rey) pareak post-punk emanaldia egingo du.

Bi egunetan, disko jartzaileak ere izango dira. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero: xedh.org/zaratafest/

Exit mobile version