MUSIKA

“Bazter Fest” jaialdiak, emakumeak eta hip hop-a elkartuko ditu

Bilborock aretoak emakumeek hip hop musikan duten lekua, lana eta ikusgaitasuna bultzatu nahi dituen Bazter Fest jaialdiaren bosgarren edizioa jasoko du datorren larunbatean, azaroak 2.

Eskina Femenina Kolektiboak Bilboko Udalaren laguntzaz antolatutako jaialdiak “helburua bikoitza du: Bilboko Ibaiondoko barrutian dauden kultur eta gizarte arloko ekimenak ezagutaraztea eta bultzatzea, alde batetik; eta emakumeek hip hopean egiten duten lana eta haien presentzia eta ikusgaitasuna sustatzea, bestetik”.

Hartara, aurtengo edizioan lau talde igoko dira agertokira:  Ziztada bilbotar taldearekin batera, Eskarnia (Malaga), JazzWoman (Valentzia) eta Shadia Mansour , “hip hop arabiarraren lehenengo dama” izenez ere ezagutzen den Londreseko artista, hain zuzen ere.

Kontzertuak, 19:00etan hasiko dira, bertoko Ziztada taldea izango dela oholtzara igoko den lehen taldea. Reggae-dub musika estiloa ekarriko dute bilbotar neskek eta Egun Hotzak euren azken laneko doinuak joko dituzte.  Eskarnia Malagako artistaren txanda izango da ondoren. Eskarnia Malagako artistak Andaluziako hip hop underground giroan murgilaraziko du publikoa. Arte dramatikoa ikasi ondoren, poesia eta antzezpena uztartzen ditu artista honek, bere kantuen hitzak rap generora ekarriz. Indarra eta originaltasuna erakusten dituen Sola en la sala azken albumeko kantuak  interpretatuko ditu.

22:00etatik aurrera JazzWoman valentziar taldea igoko da oholtzara. Saxofoi jotzaile eta txarangako musikari gisa kontserbatorioan ikasi ondoren, JazzWomanek hip hop-ean aurkitu zuen bidegabekerien eta matxismoaren kontra borrokatzeko modua. Bere bakarkako Bagheera  lehenengo diskoa dakar show berriarekin.

Eta Londresetik datorren Shadia Mansour artistak emango dio amaiera biribila Bazter Feste edizio honi. Jatorri palestinarra duen artista eta emakumeen hip hop-aren erreferentea bera,  hip hop arabiarra funtsezko tresna gisa ulertzen du emakumeen ahotsa eta  borroka globalizatzeko eta bistaratzeko. Bilbon lehen aldiz arituko bada ere, badu oholtza gainean eskarmenturik. Izan ere, oso gaztetan hasi zuen musika ibilbidea eta Public Enemy talde mitikoarekin, edota  DJ Johhny Juicerekin nahiz  Sandhill ekoizle irakiarrarekin ibili da kolaborazio lanak egiten.

Eskina Femenina kolektibo bilbotarraren ekimenez sortutako jaialdia, hip hop kulturaren barruan emakumeak laguntzeko eta ikusgai bilakatzeko bokazioa duen ekimena da. Ildo berean, idazketa eta bat-batekotasun tailerrak ere antolatzen dituzte, eta agertokietara igotzea erabakitzen duten emakumeekin ekitaldiak antolatzen dituzte, “musikaren barruan merezi duten espazioa emateko”, adierazten dute kolektiboko kideek.

Hementxe, informazio gehiago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button