ARTEA

Baserriaren mendebaldea

Asier Gogortza argazkilariak Mendebalde erakusketa  abiatuko du Igartubeiti Baserri Museoan uztailaren 18tik azaroaren 4ra arte. Erakusketak, ikuspegi berrien bitartez, baserrira hurbiltzera gonbidatuko du ikuslea.

Igartubeitik bere ingurunearekiko harreman estuagoa izateko, erakusketa berezia atondu du: Asier Gogortza egilearen aukera estetiko eta pertsonaletik abiatuz, Euskal Herriko toki ezberdinetako baserrien 22 argazkiz osatutako multzoak ezaguna zaigun iruditegia berrirakurtzea proposatzen digu. Horrela, Igartubeitik bere ingurunearekiko harreman modu berrietan arakatzen jarraitzen du gure paisaien eta praktika artistiko garaikideen arteko solasaldi etengabean.
Desagertze bidean dauden hizkuntzak, tradizioak, langintzak edo arkitektura moduak dokumentatzeko urgentziaz bizi da gure belaunaldia. Euskal Herriko baserria da desagertzeko arriskuan den gauza horietako bat eta azken hamarkadetan hainbat arkitekto, margolari, argazkilari edo museok zuzendu izan ditu begiak eta zentzuak herri-arkitektura horren baitan dagoen jakintza guztia biltze aldera. Dokumentazio lan horren eraginez, baserriaren irudi zehatz bat eraiki dugu gure iruditegi kolektiboan; leiho, balkoi eta atari ederrez hornitutako aurreko fatxadarena”.

Gogortza argazkilari zaildua da, eta lan guztietan zehaztasunez aritzea gustatzen zaio. Kasu honetan ere, argazkiak egiteko orduan iparrorratza erabili da, baserrien mendebaldeko fatxadak bakarrik erretratatu direla egiaztatzeko. Eguraldiak eta denborak apaindutako horma soil eta sendo horiekin osatutako katalogoa da lan honen emaitza. Argazkilariak lorturiko emaitzei buruz hauxe dio: “Seguruenik argazkietan ikusten denak ez du bat eginen buruan dugun euskal baserriaren irudiarekin. Izan ere, pertzepzioaren eta errealitatearen arteko haustura-tarte horretan kokatu nahi izan dut erakusketa hau prestatzeko orduan”.

Nontzeberrik Asier Gogortzari eginiko elkarrizketa hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button