LITERATURA

Beterriko Liburua saria Ur Apalategirentzat

111 Akademiako akademikideek Ur Apalategik idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Fikzioaren izterrak ipuin liburua aukeratu dute 2010eko Beterriko Liburu. Ur Apalategik bigarren aldiz irabazi du Beterriko Liburua saria.
111 Akademiako kideek idazle lapurtarraren Fikzioaren izterrak ipuin liburua izendatu dute iazko obrarik gogokoen.

Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 14an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2010ean gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 170 akademiakideei, eta lehen  txanda hartan Beterriko Liburu izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste  bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak eta Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak izan ziren bi finalistak, eta Apalategiren ipuin liburuak jaso du boto gehien.

Irabazleari saria ematea baino ez da geratzen orain. Maiatzaren 5ean ospatuko da 2010eko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena ezagutzera emateko ekitaldia, Asteasuko udaletxean, arratsaldeko 19.30ean. Idazle saritua bertan izango da, eta obra sarituaren larruz enkoadernaturiko ale bat jasoko du.

Esan bezala, Ur Apalategik bigarren aldiz eskuratu du Beterriko Liburua saria; 1997an jaso zuen aipamena lehen aldiz, Gauak eta hiriak eleberriarekin. Orain arte, beraz, Apalategi eta Anjel Lertxundi dira Beterriko Liburua saria bi aldiz irabazi duten idazleak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button