EZLEKUBAT

Barnezomorro argitaletxea: “Punk literatura euskaraz. Bazen garaia, ezta?”

Punk literaturaren inguruan ardaztutako Barnezomorro proiektu editoriala abiatu du Iñigo Basaguren-Duartek, beste ekintzaile batzuen laguntzarekin, Do It Yourself filosofiari estu-estu lotuta, hain justu, Barnezomorro autoediziorako egitasmoa da. Dagoeneko, bi erreferentzia argitaratu dituzte: Erori eta Idoloak akatu genituenekoa, biak ala biak ipuin-bildumak. Proiektuaren buru Basaguren-Duarterekin solastu gara punk-rockak bustiriko orrialdeon berri izateko.

Nola sortu da Barnezomorro eta nortzuk  zarete proiektuaren bultzatzaileak?

Barnezomorro behar batetik eta hautu kontziente batetik sortzen da. Bi urtez idatzi nituen narrazioak bildu eta kaleratzea erabaki nuenean, argi neukan nik neuk egin behar nuela. Zuk Zeuk Egizu filosofiaren jarraitzaile eta defendatzailea naiz. Beraz, ordua heltzean, koherente izan eta horren arabera funtzionatu dut. Barnezomorro nik neuk sortu dut, baina mutatu egiten duen izakia da. Gure bigarren erreferentziarako bi lagun batu zaizkit, hurrengoan agian ez direnak egongo. Badago hortik proiektu bat jende gehiagoren parte-hartzearekin. Barnezomorro jaio da, baina ez dakigu nola bizi eta hil egingo den.

Horrelako ideia batentzako hutsunea nabaritu al duzu gurean?

Ez naiz Euskal Herriko argitalpen literarioen munduan aditua. Zintzoa izan behar banaiz, unibertso horretan pentsatze soilak nagia ematen dit. Ezagutzen dudanak ez nau erakartzen, ezta asetzen ere. Baina, badiotsut, baliteke proposamen interesgarriren bat izatea eta nik ez ezagutzea. Denda den, eta aurreko galderan esan bezala, bidea nik neuk egin nahi nuen. Prozesu sortzailearen kontrol osoa izan, nire pentsamenduarekin koherentea izateko, egiten dudanarekin zintzoa izateko.

Dagoeneko, bi erreferentzia eta bietan parte hartu duzu; haietariko bat, gainera, zure lan oso bat da. Kontaiguzu labur-labur zer diren bi liburu horiek.

Argitaratutako lehen liburua, Erori izenekoa, 17 narrazio laburrek osatzen dute. Erorketa pertsonal baten testigantza dira. Batzuetan intimoagoak izango dira; besteetan, berriz, norbanakoaren eta munduaren arteko harremanaz arituko dira. Guztiak modu zuzen eta gordinean idatzita.

Bigarren erreferentzia, Idoloak akatu genituenekoa, hiru lagunen artean idatziko lana da: Gotzon Hermosilla, Igor Mercado eta ni neu. Punk eta hardcore abestiak oinarri hartuta, eta bi estilo horiek zentzurik zabalenean ulertuta, sortutako narrazioak batzen ditu. Batzuek harreman zuzenagoa izango dute ipuin eta abesti artean, eta beste batzuek, aldiz, funtzio iradokitzailea baino ez dute izan ipuina sortzerakoan.

Zalduaren Biodiskografiak erreferentzia izan zenuten bigarren liburu hori prestatzerakoan?

Ezetz esango banizu gezurretan egongo nintzateke. Iban Zalduaren ideia interesgarria iruditzen zitzaigun, nik neuk narrazio bakarra irakurri dudan arren. Bere ideia gure terrenora eraman eta gustuko ditugun taldeei buruz idatzi dugu. Dena den, gustuko dudan musika (hardcore-punk, pop, indie, hip-hop zein elektronika) Erori osatzen duten narrazioetan agertu da. Batzuetan modu esplizituan, besteetan zeharka. Batzuetan narrazioren bat abesti edo disko bat entzun bitartean zein ondoren otu zait kontakizuna. Liburuan parte hartzen dugun hirurontzat oso garrantzitsua da musika bizitzaren aspektu askotan, baita idazterakoan ere.

Zein izango da hurrengo pausoa?

Ez daukagu eperik ezta plan zehatzik ere. Ez diogu inori ezer zor eta ez gara honetaz bizi. Proiektuak sortu ahala kaleratuko ditugu, bideak eskatzen digun erritmora ibiliz. Tira, sekretu bat kontatuko dizut. Bada proiektu bat lehen pausoak ematen hasia dena eta nire testuak, ilustratzaile baten lanak eta musika talde baten abestiak uztartuko dituena. Baina ez esan beste inori.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button