EZLEKUBAT

“Barnezine” blog kulturala, eta euskaraz

Barnezine blog-fanzine kultural eta interesgarriaren arduradunekin mintzatu gara; euren burua aurkez dezatela: “Barnezine bi lagunek -Iker Perez de Albeniz eta Iñigo Basaguen-Duarte- martxan jarri dugun blog itxurako fanzine edo magazine bat da. Ez dugu inolako asmo handirik, ez gara batere handiusteak. Bilatzen dugun gauza bakarra gure ezinegonak ateratzea eta gustatzen zaigunari buruz idaztea da. Hasieran Ikerren asmoa eremulauak.com blogaren edukia berreskuratzea zen, berriz sarean mundu guztiarentzat eskuragarri egon zedin. Iker Eremulauak-eko arduradun teknikoa izateaz gain, hainbat testu-ekarpen egin zizkion blogari. Nik ere behin edo birritan kolaboratu izan nuen. Ikerrek ideia komentatu zidan eta ikusita biok, eta inguruko jende gehiagok, idazteko eta edukiak sortzeko interes eta gogo handia genituela, bloga abian jartzea erabaki genuen. Asko gustatzen zaizkigu euskaraz idatzita sarean aurki daitezken blogak, baina nahiago izan genuen propio bat sortu”.

Zergatik izen hori?

Orain urte batzuk lagun talde batek kontzertu batzuk antolatu genituen Barnekoizpenak izenpean. Hori, hor geratu zen, baina gutako batek, Eneko Mobydick-ek, izen bera duen zigilu propioarekin kaleratu izan ditu bere diskoak urte hauetan.

Izenak gordetzen duen hitz jokoa agerikoa da. Barnetik ateratzen zaizkigun gauzak dira, ekoizpen propioak. Eta non gorde ekoizpenak, ereindako uztak, biltegi batean baino hobeto? Hemen jokoan sartzen da BARN –ingelesez biltegi, alegia- hitza. Hortik gure logoa. BARN edo biltegi kontzeptua  asko gustatu zitzaigun eta zalantzarik gabe aukeratu genuen.

Iker eta biok istorio honekin hasi ginenean nolabaiteko lotura bat ikusten genuen eta, gainerako kideekin kontsultatu ondoren, izen hau hautatu genuen.

Kolektiboak, zigiluak eta fanzineak lotura bat gordetzen dute –pertsonala, estetikoa,…- baina entitate autonomoak dira.

Hasi  berri zarete, baina zuen fanzinean jaso dituzuen kultur edukietan, ez da euskal kulturako edukirik ikusten. Zergatik? Zein irizpide erabiltzen duzue edukiak aukeratzeko?

Tira, ez da hautatutako ezer. Momentuz hauek dira igo diren edukiak. Gure gunean edozertaz hitz egin daiteke, edozein ikuspuntutik. Soilik bi ezaugarri bete behar dituzte ekarpenek: eduki kulturala izatea –bere zentzurik zabalenean ulertuta- eta edukia euskaraz idatzita egotea. Ez dugu erdararaz edo euskaraz sortutako eduki kulturalik sustatuko soilik hizkuntza batean edo bestean idatzita egoteagatik. Ez dugu inolako kuotarik ezarri, hori egileen ekarpenek markatuko dute. Baina, esan bezala, eduki guztiak euskaraz idatziak izango dira; nire ustez blogak euskararekin duen harremana estua dela adierazten du horrek,ez?

Bestetik, euskal kultura zer den eta zer ez, beste eztabaida bat da, baina guri ez zaigu horretan sartzea interesatzen, ez behintzat blog honetan. Euskaraz idatzitako, abestutako… edukiez ari bazara, horiek guztiek lekua dute blogean. Momentu honetan eskuartean daukadan liburua Danele Sarriugarteren Erraiak da, asko gustatzen ari zaidana, beraz litekeena da laster honi buruzko iruzkin bat argitaratzea. Auskalo hurrengoa zein izango den.

Zergatik aukeratu duzue formatu digitala?

Proiektuaren sorrerak eta partaideen esperientziak eragina izan dute. Baita formatuak eskaintzen dituen aukerak ere. Momentuz plataforma oso oinarrizkoa da, baina Iker lan handia egiten dabil aspektu teknikoan eta pixkanaka fanzinea hobetzen joango gara.

Dena den, ez gara paperezko formatuaren kontrakoak. Niri fanzineak etxeko apaletan metatzen zaizkit, disko eta liburuekin batera. Modu berean Izu Giroa hardcore-punk fanzineko partaidea naiz. Uste dut formatu bakoitzak bere aukerak dituela, guk biak ditugu gustuko.

Erabiltzaileen erantzunik jaso al duzue? Nolako harrera izaten ari da?

Oraindik oso goiz da baloraziorik egiteko. Elkarrizketa hau erantzuten ari naizen momentu honetan soilik astebete igaro da bloga martxan jarri genuenetik. Momentuz inguruko jendearengana zuzendu gara eta alde horretatik erantzuna positiboa izaten ari dela esan dezakegu. Momentuz bi kolaboratzaile berri ditugu, eta espero dugu etorkizun hurbilean kopurua igotzea. Parte hartu nahi duen edonork gure biltegiko ateak irekita aurkituko ditu.

Fanzine bat abiatzeak zentzurik al du, gaur egun?

Noski! Pertsonalki, barneko ezinegonak eta jakin-nahiak asetzea bezalakorik ez dago. Kolektiboki, uste dut guztiz beharrezkoak direla informazioa eta ezagutzak zabaldu eta elkar trukatzeko, hain agerikoak ez diren edukiak azalerazteko. Modu batean ere, jendea kontaktuan jartzen dute, harremanak eta konplizitateak sortzen dira, proiektu eta abentura berrien abiapuntu izan daitezkeenak. Pop Pilulak fanzineari esker ez balitz ez genuke izango batak bestearen berri, ezta?

Antzeko egitasmorik ezagutzen duzue Euskal Herrian?

Bai, hainbat. Agian ez zehazki Barnezine bezalakoak baina bai oso antzekoak. Uste dut Euskal Herrian blog ugari daudela, kalitatezkoak eta gai desberdinak jorratzen dituztenak. Ahalik eta blog gehien egon, ahalik eta informazio desberdin gehiago partekatu, hobe.

Etorkizunera begira zeintzuk dira zuen asmoak?

Hasieran esan bezala, ez dugu inolako helburu handirik markatu. Ideiak eta etorkizunerako asmoak badaude, baina biltegiaren ateak ireki berri ditugu eta nahiago dugu pausuz pausu aurrera egitea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button