Nontzeberri

“Barixakuak Usuan” kontzertu ziklo elegantea, Elgoibarren

Uztaileko ostiral guztietan Elgoibarko Giza eskubideen parkean (Usua) kontzertu ziklo elegante bat burutuko da: Barixakuak Usuan. Ekimenaren lehen ediziorako lau proposamen interesgarriz gozatzeko aukera luzatuko dute antolatzaileek

Gaur berton, uztailak 5, Kokein taldea arituko da. Taldea osatzen duten bost kideetatik hiru soilik igoko dira taula gainera, normalean distortsioa eta soinu gogorra ezaugarri dituzten kantuen bertsio akustikoak defendatzera. Kantu batzuk moldatuak izango dira, beste batzuk gordinxeagoak, eta bertsioren bat edo beste ere eskainiko dute.

Uztailaren 12an, Joseba Irazoki musikagilearen txanda izango da. Gitarrista polifazetikoa, konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Folka, bluesa, psikodelia eta tresnen esperimentazioa: proposamen artistiko bikain bat, harrigarria eta sailkaezina aldi berean.

Uztailaren 19an, Eneko Burzakok sorturiko Mobydick folk-akustiko proiektuaz gozatzeko abagunean eskainiko da. Pare bat EP-ren ondoren 2003an argitaratu zuen Cotard Delusion izeneko lan luzea. Azken urteotan artista ugarirekin aritu da: Anari, Ainara Legardon, Jose Gonzalez, Bigott, The New Raemon, Maika Makovski, Damien Jurado, Musergo, Zea Mays eta Christina Rosenvinge, besteak beste.

Azkenik, uztailaren 26an, Los Sara Fontán taldeak kontzertua egingo du. Sara Fontánen biolin anplifikatu, loopeatu eta distorsionatuak, edozein estilotik aske, abstrakziotik emozionatzeko gaitasuna du. Sararen kontzertuak bakoitzak imajinatu nahi duenaren soinu banda bihurtu daitezke, entzuleari askatasunez bere erara sentitzeko eta interpretatzeko aukera emanaz. Kasu honetan Edi Pourekin (ZA! taldearen erdia) arituko da, bera izango du lagun perkusioan

Exit mobile version