Nontzeberri

Aurten badator “Bardoak” Nafarroako taldekako bertso txapelketa

Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa,  bi urtean behin antolatzen da, auzolan eta talde lanean oinarrituz. 2020an jokatuko da Bardoak taldekako txapelketaren bosgarren aldia.

Betiko legez, berrikuntzarik ez da faltako, eta aurtengo edizioan, talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira, eta ondorioz, Anizen, Atarrabian, Goizuetan, Jaunsaratsen, Tafallan eta Tuteran ere izango dira saioak, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko apustuari jarraituz.

Hortaz, aurtengo Bardoak txapelketan, 96 parte hartzaile izango dira guztira: “bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak… Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izango dira Bardoak”.

Lehiaketa urtarrilaren 31an hasi eta martxoaren 28ra arte luzatuko da eta tartean 20 saio izango dira Nafarroa osoko 17 udalerritan. 13 taldek hartuko dute parte, eta horietan, 96 parte hartzaile izango dira guztira. Lehen fasea urtarrilaren 31tik otsailaren 14ra bitarte jokatuko da, 13 saiorekin. Parte hartzen duten 13 taldeak lau multzotan banatuta egongo dira. Finalaurrekoak otsailaren 29tik martxoaren 14ra bitartean jokatuko dira. Joan-etorriko hiru kanporaketa izango dira, sei saio guztira. Kanporaketa horietako bakoitzean irabazle suertatzen den taldea pasako da finalera; hiru talde, guztira.

Finala martxoaren 28an izango da, Lizarrako Lizarra Ikastolako areto nagusian.Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lizarra Ikastolarekin eta Nafarroa Oinez 2020rekin elkarlanean antolatu ditu ekitaldiak.

2020ko Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoaren informazio osoa eta eguneratua www.bertsozale.eus atarian duzue.

Exit mobile version