ARTEA

Mikel Erkiagaren “Amu bakoitzean” erakusketa, Bilboko Rekalde Aretoan

Bilboko Rekalde Aretoa Barriek programaren hamargarren edizioko artistak hartzen ari da, eta oraingo honetan, Mikel Erkiagaren margolanak erakutsiko ditu Amu bakoitzean izenburupean. Erakusketa maiatzaren 29ra izango da ikusgai.

Dakizuenez, Barriek erakusketa-zikloak Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten hainbat artistaren lanak erakusten ditu. Oraingo honetan, Jenni Alvaradok, Izaskun Araluzeak, Urtzi Urkixok, Javier Rodriguez Perez-Curielek eta Mikel Erkiagak erakutsi dituzte euren obrak.

Mikel Erkiagaren erakusketak artistak azken bi urteetan egin dituen lan batzuk biltzen ditu, formatu handiko piezak eta txikiagoak ikus daitezke, baita Polaroid argazki batzuk ere. “Lanek argazkigintzaren eta pinturaren arteko uztartze lana egiten dute, beti ere pinturaren praktikan sakontzeko asmoarekin. Eta Amu bakoitzean izenburuak bere ikerketak dakarren tranpari egiten dio erreferentzia; izan ere, margolariaren lan-prozesuan, bi diziplinek, argazkigintzak eta pinturak, batak bestearekiko amu lana egiten dute, dualtasun berean korapilatutako obra multzoa osatzea lortu arte.”

Mikel Erkiaga (Bilbo, 1994) Arte Ederretan Graduatua da (2016) EHU Euskal Herriko Unibertsitatean; halaber, bertan Pinturako Masterra egin zuen (2017).  Erasmus izan zen Wroclawiuko (Polonia) ASPn (2016). Bere Tarde roja, hoja azul lana banaka aurkeztu zuen Bilboko Juan Manuel Lumbreras galerian (2019) eta Sitsak Janiko Berbak Arrigorriagako erakusketa aretoan (2017). GetxoArte 2021 bezalako bitartekaritza programetan kolaboratzen du eta 2022ko apirilean Muturbeltzek antolatzen duen Bizitza Onaren egoitza artistikoan parte hartuko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button