BERTSOTAN

Bardoak 2012, Nafarroako taldekako txapelketa berria

Nafarroako Bertsozale Elkarteak iaz erabaki zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin martxan jartzea eta horren osagarri bestelako ekimen bat abiarazi du: Bardoak 2012.
Bardoak 2012k bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaintzea du helburu nagusia.

Lehen saioa Etxarrin, urtarrilaren 27an, egin bazen ere, otsailaren 3tik martxoaren 31ra luzatuko da Bardoak 2012.

Ekimenean, 17 taldek hartuko dute parte, 99 parte-hartzailerekin. Guztira, 51 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena. Eta saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 24 saio izango dira guztira.

Nafarroako Bertsozale Elkartetik adierazi digutenez, talde lana da ekimen berriaren oinarria. Gutxienez bost partaide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria. Talde horiek guztiak, ahal izan den kasuetan, eskualde edo inguru bereko kideekin egin dira.
Saioetan ez da txapelketako ohiko epaiketa sistema izango. Lehen fasean beste taldeetako bi kidek epaituko dute saioa, puntuaziorik jarri gabe, soilik ariketaz ariketa talde onena aukeratuta. Horiekin batera, entzuleek ere saioan hobekien nor aritu den baloratzeko aukera izanen dute. Bi horietatik aterako da saio bakoitzeko irabazlea.

Hiru fasetan dago egituratuta Nafarroako taldekako txapelketa berria. Lehen fasean, hiru taldeko bost multzo daude eta seigarren bat bikoa. Osotara lehen fase horretan 17 saio izango dira, urtarrilaren 27tik otsailaren 19ra.
Bigarren fasera multzo bakoitzeko lehena pasako da, sei talde guztira. Osotara sei saio, martxoaren 2tik 18ra. Eta, azkenik, hiru talde pasako dira martxoaren 31n eginen den finalera.

Bardoak 2012 taldekako txapelketaren informazio osoa eta eguneratua webgune honetan dago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button