LITERATURA

“Barakaldo Hitza” literatur astea

Gaur berton abiatuko da Barakaldo Hitza ekimena puntako idazleekin: Toti Martínez de Lezea eta Uxue Alberdi. Beste aldetik whatsapp bidezko Mikrokontakizun lehiaketaren hirugarren edizioa ere abiatu dute.

Ekimenak hogeita hamar bat jarduera biltzen ditu, eta apirilaren 29ra bitartean, ohiko Liburu Azoka ez ezik, beste jarduera klasiko batzuk ere antolatuko ditu, hala nola Irakurketa Maratoia eta Literatur Rallya, baina idazleen bisitak, tailerrak, film baten emanaldia, haur-jarduerak eta lehiaketak ere ez dira faltako.

Gaur berton, Toti Martínez de Lezea idazlea joango da Barakaldora, eta literatur topaketa egingo dute berarekin. Bihar, apirilaren 17an, irrati-topaketa egingo da idazle barakaldarrekin, eta Mertxe Lopez, Manuel Cruz, Idoia Postigo, Elena Fernandez, Jose Ramon Arana, Yolanda Martin Lopez idazleek eta Itziar Minguez poetak hartuko dute parte.  Topaketari La literatura, de lo local a lo universal izena eman zaio, Alicia Romero kazetariak zuzenduko du, eta 19:00etan hasiko da Clara Campoamor zentroan.
Apirilaren 20an, ostirala, Liburu Azoka inauguratuko da Herriko Plazan. Bertan Laitrum konpainiaren Micro-Shakespeare mikrokontakizuna egingo da, 17:30ean. Gero Los versos del Capital kontzertu-errezitaldia izango dute, Banda sinfonikoak eta Udal Musika Kontserbatorioko perkusio taldeak eskainita.

Apirilaren 23an Liburuaren Eguna da, eta horren inguruan egitarau berezia atondu dute. Aste horretan ere haurrentzako ilustrazio tailerra egingo da euskal komikigile eta ilustratzaile Mikel Valverderekin, eta Manuel Rivas idazlearekin beste topaketa bat egingo dute.

Literaturaren akordeak izeneko proposamena antolatu da 26rako. Bertan, Uxue Alberdi idazlea eta Eñaut Elorrieta kantaria bilduko dira, eta idazleak bere nobela berriaren pasarteak irakurtzen dituen bitartean, Ken Zazpi taldeko musikariak erritmoa jarriko du. 18:30ean hasiko da.

Beste gauza askoren artean ere, apirilaren 28an, kontakizun laburrak idazteko IX. Literatur Rallya egingo da Herriko Plazan.

Programazio oso hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button