Nontzeberri

Baliteke lurrak sortu aurretik bezalakoa izan nahi izatea

Ekainaren azken egunera arte, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian, Amaia Molinet artistaren Baliteke lurrak sortu aurretik bezalakoa izan nahi izatea erakusketa ikusi ahalko da.

Gure planetan bizitzeko moduek duten eragin sinbolikoa neurtzeko jakin-mina izan da proiektu honen sorburua; izan ere, proiektuaren abiapuntua zen bi ekintza garatzea lurrazal gaineko urrutiko bi tokitan: Sahara eta Islandia.
Erakusketaren bitartez artistak “Mendebaldeko Sahara eta Islandian mugaren tentsioarengatik bereizten diren bi ekintza dokumentatzen ditu. Saharan, jatorri koloniala duen gatazka politiko eta odoltsu batekin. Islandian, kontinente-plaka Atlantikoa eta Amerikarraren arteko banaketa naturalarekin”.

Lehen ekintza Tinduf inguruan (Argelia) saharar errefuxiatuen kanpamentuetan egindako egonaldian gauzatu da, eta honetan datza: “nire gorputza melfa nila batez estalirik herrestatzea desertuko hareetan barna, nire arrastoaz nolabaiteko mugarri-lerroa markatuz.
Bigarrena, halako lerro bat suaz markatzean datza, Islandiako Eyjafjallajökull glaziarraren inguruko lurrazal izoztuan”.
Esku-hartze horiek bideoan grabatu eta antzeko moduan moldaturik aurkeztu dira: plano orokor handi eta estatikoetan filmaturik, eta distantzia handitik.

Amaia Molinet (Lodosa, 1988). Arte garaikidea, Teknologikoa eta Performatiboa Masterra burutu du eta Arte Ederretan lizentziatua da. Errumaniako UADko Cluj-Napocako Erasmus beka edota BilbaoArte fundazioaren beka izan ditu. Bere obra Ertibil, Montehermoso Kultura zentro, Zitadela (Iruña), Rekalde Areto (Bilbo), San Telmo Museo (Donostia), Fabra i Coats -Centre d´Art Contemporani (Bartzelona) eta beste hainbat tokitan erakutsi da.

Exit mobile version