EZLEKUBAT

Bakelite: “Kide biko proiektu batean irizpide demokratikoa ez da batere operatiboa”

Sergio Llanos (Eureka Hot 4) eta Naiara Anasagasti (Paniks) bikoteak osatzen dute Bakelite egitasmoa. Etxean garaturiko proiektua izanagatik ere, argitaratu berri duten single autoekoitzian jasotako bi kantuak fundamentu handiko piezak dira.

Binilozko singleak bi kantu dakartza A aldean, Biluzik eta B aldean, berriz, Txinatar Horoskopoa. Lehenengoa blues hezean bustiriko doinu sakon da, eta arrastaka ateratzen da bozgorailuetatik. Ezti-ezti xuxurlatzen ditu hitzak Naiarak, atzetik slide gitarraren arrangurak entzuten diren bitartean. Bigarren doinua, aldiz, rock and roll doinu ilun eta bizia da, bateria sinkopatuen gainean eraikia, eta hitzetan sugeak ageri dira nonahi. Bikotearekin mintzatu gara proiektuaren berri izateko.

Nola sortu da proiektu berri hau?
Proiektu honen ideia orain dela denbora sortu zen, bestalde, azken urte honetan gauzatu, exekutatu eta borobildu izan dugu. Aspaldi ezagutzen gara eta talde ezberdinetan jo izan dugu, batik bat, Atom Rhumba, Paniks, Eureka Hot 4 edo Stubborn Daughters. Elkarrekin proiektu musikal bat martxan jartzearen burutapena egon izan bada ere eta saiakera batzuk egin izan baditugu ere, azken urte honetara arte ez dugu disko bat publikatzea erabaki. Grabaketa jada bagenituen zenbait ideia eta zirriborrotan oinarritu da, sormen prozesuan ideia berriak gaineratzen joan gara.

Nola moldatzen zarete musikari gisa bikote izanik? Proiektu demokratikoa da?
Nik (Sergio) ez dut erabateko demokrazia batetan sinesten, izan be, ez doala inora uste dut. Gauza da, taldeko kide biok irizpide eta intuizio ona daukagula aspektu desberdinetan. Biok ikusten dugu argi ideia batek funtzionatzen duen, bai daukan giroagatik, bai sartu den moldaketaren bategatik…, gainera be, biotariko batek, zerbaiten gainean zalantzarik edukitzekotan beti dago biotako bat pisudun argudioekin bestea konbentzitu eta gauza argi ikusten duena.

Nik (Naiara) Sergiok daukan gitarra jotzeko gustu bikainaz zein musikagintzarako gaitasun bereziaz baliatzen naiz ideia desberdinak proposatu eta forma hartzen doazen heinean disfrutatu eta sormen prozesuan gozatzeko. Demokraziaren irizpidepean blokeaturik egongo ginateke sarritan, “enpateetan” murgilduta, kide biko proiektu batean irizpide demokratikoa ez da batere operatiboa; gure kasuan, bakoitzaren berezitasunak ezagutzen, errespetatzen  eta goraipatzen ditugu, proiektuaz gozatu eta biok  bat egiteko.

Zuen beste proiektuetatik nahikoa aldentzen da Bakelite… Erraza izan da Bakeliteren sonoritatea lantzea? Zerk du, berriz, Bakelitek zuen beste proiektuetatik?
Gure aurreko proiektuak, rock eremuetan mugitu izan dira, doinu sendoago (Atom Rhumba), zaratatsuago (Paniks), erritmikoago (Eureka Hot 3) zein punkiagoetan (S. Daugthers) kokatuta. Momentu honetan, musikalki irteten zaigunari bide eman diogu, modu oso espontaneoan eta riff baten gainean eratzen zenari ekinez, emaitza gustukoa zela ikusiz, bioi konbentzitzen zigula antzemanez eta beti be ezeri bidea itxi gabe, grabatzeari ekin diogu.

Dagoeneko singlea argitaratu duzue. Nolakoa izan da diskoa egiteko prozesua? Grabazioan ere etxeko giroa nabaritzen da… estudioan grabatu duzue?
Prozesua honakoa izan da: ordenagailuarekin, bai gitarren zein baxuaren gida pistak grabatu genituen etxean. Bateria, Eureka Hot 4ren entsegu lokalean grabatu izan da, bertako grabazio materialaz baliatuz. Guzti hau behin edukita, gitarra akustikoak, perkusioa, ahotsak… erregistratu genituen. Nahasketa prozesuan gainera be, elementuak gaineratzen eta kentzen joan gara. Kantuaren bilakaera zelakoa zen ikusita ahotsa birgrabatu ere egin izan dugu nahasketako giroarekin bat egiteko.
 
Kantuetan blues eta rock-and-roll kutsua nabaritzen da, baina zazpi hazbeteko bi kantuak oso ezberdinak dira. Badirudi ez duzuela estilo jakin batera mugatu nahi, horrela al da?
Hori da, ez dugu aterik itxi nahi edo genero musikal batera mugatu. Blues edo rock’n’roll kutsudun abestiak ez ezik, country giroa dutenak ere baditugu, baina nigatik (Sergio) bossa jotzea ere posible liteke! Gure estiloaren oinarria, Naiararen kantatzeko moduan edo nire gitarra jotzeko moduan finkatuko nuke. Gustatzen zaiguna abesti bakoitzak itxura edo tankera desberdina edukitzea dela esango nuke, anitza izatea. LP berria, dinamikoa, abesti desberdinez eratua, interesgarria, irudikatzen dut (Sergio), abesti trankil eta patxadatsuetatik tentsioz beteriko eta zarataz beteriko abestietara igarotzeko beta eskaintzen duten horietarikoa.

Royal Trux eta Spacemen 3 taldeen kantuak moldatzen dituzue. Eraginak dira ala gustuko dituzuen taldeak baino ez?
Talde bi horien parekotasun bakarrak zenbait estupefaziente lirateke. Gu droga debozio horretatik urrun gauden arren, egia da Royal Trux, Spacemen 3 edo Crime & The City Solution bezalako taldeek, horiei esker, lortu izan ditzuten atmosferek zein egoerek txunditzen gaituztela. Talde eta abesti oso desberdinak dira eta horiekiko dugun gure irakurketa musikal berezia islatu nahi izan dugu.

bake

Kantuen hitzetan, euskara batua eta bizkaieraren zantzuak uztartzen dira. Zergatik? Ez dakit zerbait kontzientea den edo horrela atera diren…
Abestietan sonoritatea, hau da, hitzen soinua, lehenetsi izan da, erabiltzen nenbilen (Naiara) euskalki edo aditz motaren zehaztasunaren gainetik. Eremu honetan ere erabateko askatasuna bilatu izan dut, hitzak modu naturalean irteten zitzaizkidan heinean konposatzen joateko. Beraz, kontzienteki bilatu izan da inkontzienteki edo naturalki irteten zen hitz jarioa mantentzea.

Singlea zuzenean aurkezteko asmorik ba al duzue? Pentsa al duzue dagoeneko nola taularatu proiektua?
Sergio: Zuzenekoak baliteke biok bakarrik instrumentu desberdinak elkar trukatuz eta grabatutako zerbait jaurtiz, burutzea, baina ez dugu ere, kolaborazioen bidez egiteko aukera baztertzen.

Naiara: Nire aburuz dagoen materiala zuzenean jo ahal izateko prestatu beharko litzateke, hurrengo hilabeteetan, lagun artean zein gustatzen zaizkigun ekimen berezietan aurkezteko. Gure zuzenekoak labur eta bereziak aurreikusten ditut bilatutako giroa zainduta.

Bide luzea egingo duen proiektua da Bakelite?
Bakelite ibilbide luzeko proiektua izango denaren itxura osoa dauka, izan be, ez daukagu inolako presiorik ezertarako. Gure premisa gauzak behar bezala egiten joatea da, presazko erabakiak ekidinez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button