ESZENA

Bagatza Antzerki Jaialdiaren lehen edizioa martxan da

Barakaldoko Bagatza auzoan, Bagatza I. Antzerki Jaialdia abiatuko da gaur, eta asteburu osoan luzatuko da. Apirilaren 22tik 24ra ospatuko da, eta Malas Compania antzerki taldeak eta Beurko Bagatza bizirik jai batzordeak antolatu dute.

Antzerki jaialdi honen helburua antzerki zaletasuna auzoan  zabaltzea da. Datozen hiru egunetan Euskal Herriko taldeak pasatuko dira jaialditik: Ganso & Cia., Hortzmuga, Pez Limbo, Malas Compañías, Shakti Olaizola, Laenananaranja eta Dxusturi teatro.

Antolatzaileek esan duten bezala, “gure helburua antzerkia jendartean zabaltzea da eta horretarako programazio anitza eta orekatua osatzen saiatu gara, non antzerkia ulertzeko modu ezberdinak ikusiko diren eta publiko ezberdinak erakarriko ditugun. Zentzu honetan gure auzoak ematen dizkigun aukera ezberdinak baliatu ditugu bakarrik kale-antzerkia ez eskaintzeko. Kaleko emanaldiez gain, Santa Teresa merkatuan, Ibarra-kaldu elkartean eta BAI antzerki eskolan antzezlanak ikusteko aukera izango da”.

Gaur arratsaldean Pez Limbok Boxers izeneko lana eskainiko du.  Ganso & Cia taldearen txanda etorriko da gero, Walkman lanarekin. Eguna amaitzeko, Laenananaranjak Kontukantari egingo du. Biharko saioetan, Malas Compañías eta Dxusturi teatro taldeek, Txatarra eta Konpota egingo dute, hurrenez hurren. Azken orduan, BAI eskolako ikasleek El sindrome de Alicia oholtzaratuko dute. Bagatza I. Antzerki Jaialdiaren ateak igandean itxiko dira Hortzmugak egingo duen Femmes obrarekin.
Hortaz, hiru egunez publiko orori zuzendurik antzerki emanaldi ezberdinak egongo dira, klown-a, zirkua, mikro-antzerkia, kale antzerkia eta euskarazko antzerkia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button