LITERATURA

“Nola belztu behar zuria” kontzertu-errezitaldia, Euskararen Etxean

Joxan Artzeren poemak oinarri dituen Nola belztu behar zuria kontzertu-errezitaldia eskainiko dute Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboak, San Inazion kokaturik dagoen Euskararen Etxean, azaroaren 26an, arratsaldeko 20:00etan hasita. Euskararen Etxeko ikusgarria izango da Bizkaian egingo duten lehena. Ekimena Azkue Fundazioak programatu du Nontzeberrien laguntzarekin.

Joxean Artzeren Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza liburuetan oinarritzen da Nola belztu behar zuria izeneko errezitaldia. Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboko Oier Guillan eta Asier Sarasola deklamatzaileek egituratzen dute ikuskizuna. Guztira zazpi poema kanta bihurtu eta beste hogei inguru errezitatuko dituzte kide horiek guztiek. Duela gutxi, Elkar argitaletxeak DVD formatuan plazaratu du ikuskizuna.

Euren hitzetan, “liburuek jorratzen dituzten gaietan erreparatu dugu: maitasuna, bizitza-heriotza, ama-aita, itsu-mutu-gorkeria, olerkaria zuria belzteko tenorean… Artzeren idazkerak dituen ardatzak hartu ditugu aintzat horretarako: musikaltasuna, erritmoa, irudi kateatuak, hitz jokoak, sakontasun lirikoa. Nola belztu behar zuria, funtsean, Joxan Artzeren poesiaren mundu zabala ahots eta doinuz jantzi nahi duen emanaldia da”.

Gogoratu, datorren asteko ostegunean, azaroaren 26an, arratsaldeko 20:00etan,  Nola belztu behar zuria errezitaldia Euskararen Etxean. Ezin duzue huts egin!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button