BESTELAKOAK

“Aztihitza”, Agosti Xahoren figuraren aldarrikapena

Asisko Urmeneta marrazkilariak Aztihitza, Agosti Xahoren Biografikoa (Erroa argitaletxea) izeneko lana aurkeztu du gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian. Goizeko 11:00etan izan da aurkezpena, baina 19:00etan, jendaurreko aurkezpen ilustratua egingo du Urmenetak. Hau izango da Erroa argitaletxeak argitaratuko duen bigarren BioGrafikoa, 2015en Gabriel Arestiri buruzkoa agertu baitzen. Atharratzen ere aurkeztuko da liburua, azaroaren 24an, Xahoenean, 19:00etan.

AztiHitza palindromoa erabilita, Agosti Xahoren inguruko istorio berria eraiki du Asiskok. “Obra honetan elkarlana eta ikerlana izan dira oinarriak; elkarlana egon da jende askoren partea izan delako (Herrima kultura elkartea eta Atharratzeko Prefosta elkartea), eta ikerlan sakona, ezkutua eta isila egin duelako Asiskok”, esan du Xabier Monasterio Erroa argitaletxeko ordezkariak. Lan honek “Xahoren gaineko irudia aldaraziko digun obra da”, gehitu du gero.

Agosti Xaho zuberotar pentsalari, feminista eta ekintzailearen bizitzari buruzko liburu ikusgarria egin du Urmenetak, haren Bidaia Nafarroara liburua oinarritzat hartuta, bere irudia eta pentsamendua gaurko egunetara ekartzeko asmoz. “Ni Xahozalea naiz”, adierazi du marrazkilariak. Pertsonaiak Baionatik Lekunberrirainoko bidaia egin zuen 1835ean, eta horixe marrazturik agertzen da liburua zabalduko orduko.

Obran honakoa kontatzen da: Bizkaitar batzuek Atharratzeko trinketea erosi berri dute, eta herriko gazteen eskuetan utzi dute eurek kudea dezaten, baina betiere, baldintza zehatz batekin:  Agosti Xahoren figura goratzea eta gordetzea. Gazteek ez dakite nor zen Xaho, eta horrek bidea ematen dio autoreari, gure heroi nazionalaren biografiaren zertzelada garrantzikoenak azaltzeko, eta hala, hizkuntzalaritzan, politikan, kazetaritzan, kosmogonian… egin zituen ekarpen aitorrezinak agertuko zaizkio irakurleari.

Asisko Urmenetak Euskal Herriko Lehenengo Sormen-Saria irabazi du 2017an, “Artista plastiko modura duen kalitateagatik, Euskararekin duen engaiamenduagatik eta kultur eragile modura egindako lanagatik”.

“Ni populu baten oihartzuna naiz” (Agosti Xaho).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button