ESZENA

Erriberriko Antzerki Jaialdiak bere programazioa aurkeztu du

Erriberriko hogeita hirugarren Antzerki Jaialdia uztailaren 15etik 31ra bitartean egingo da, eta programazio anitza izango du, tartean, musika, dantza eta zirkua uztartuz, nola ez, antzerkiarekin ere.

Guztira, 38 emanaldi eta 22 ikuskizun programatu dira, horietatik 11 emakumeek sortu, idatzi edo zuzenduak. Datuekin jarraituz, bederatzi lan Nafarroako konpainiek egingo dituzte, bi nazioarteko herriek (Bolivia eta Mexiko), eta bat euskaraz izango da.

Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak osatzen dute zuzendaritza artistikoa, eta haien hitzetan programazioak “belaunaldi guztiei, publiko guztiei eta gure mundua astintzen duten arazo guztiei begiratzen die. Ezberdintasun bat ekarri nahi dugu, Nafarroako agertokia bultzatuz eta Erriberri jaialdi handien artean kokatuz, bai Estatu mailan bai nazioartean. Bere egitura osoa jokaespazio paritario eta feminista bihurtuz, berdintasuna sustatuz eta inklusioa besarkatuz, desberdintasunaren arte-balioa normaltasunetik aldarrikatuz.”

Jaialdiaren lehenengo emanaldia uztailaren 15ean programatu da, Sandra Ferrusek idatzi, zuzendu eta protagonista duen La panadera ikuskizunarekin, Centro Dramatico Nacional, El Silencio Teatroa eta Iria Produccionesen baterako ekoizpena dena.

Beste aldetik, Tafalla Kulturguneak jasoko du uztailaren 16an (larunbata), 19:00etan, Ilargiaren atzean euskarazko ikuskizun bakarra, MalasPulgas Teatro konpainia nafarraren ekoizpena dena, Maialen Diazek idatzia eta Virginia Cervera zuzenduta.

Edizio honetarako Erriberri esperientzia programatu da, eta horren bidez jaialdia ohiko jokaespazioez gain beste modu batean bizitzeko gonbidapena egingo da.

Arte egoitzak ere badaude, eta Nafarroako La Caja Flotante eta Boga Boga konpainiak aukeratu dituzte aurten deitutako bi lan-egoitzak garatzeko. Egonaldi horiek uztailaren 15etik 31ra bitartean egingo dira, eta bi taldeek sorkuntza propioak oholtzaratuko dituzte jaialdian.

Erriberriko Antzerki Jaialdiak hainbat topaketa ere antolatu ditu artistekin eta erreferentziazko kazetariekin.

Programazio guztia Erriberriko Antzerki Jaialdiak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button