MUSIKA

Azkena Rock Festibalak bere adin-nagusitasuna ospatuko du rock banda enblematiko onenekin

Dena dago prest Gasteizen aurtengo Azkena Rock Festibalaren hemezortzigarren edizioa abiarazteko. Hitzordua bihar eta etzi, ekainak 21 eta 22, Andre Mari Zuria eta Mendizabalan izango da.

Jaialdiaren eremuko bost agertokitan banaturik, 44 artista eta bandatik gora arituko dira bi egunetan, eta gehienak kontzertu emanaldi bakarrak emango dituzte Euskal Herrian, baita Espainia aldean ere.

Hala, kartel potentea aurkeztu dute antolatzaileek: Wilco rock amerikar ikonoa;  Stray Cats rockabilly estiloaren legenda; The B-52s taldearen agur-bira; The Cult talde mitikoa A Sonic Temple bere disko esanguratsuenaren 30. urteurrena ospatzen; Deadland Ritual superbanda, Black Sabbath, Apocalyptica edo Guns n’ Roses taldeetako musikarekin; Philip H. Anselmo & The Illegals taldea, Panteraren abestiz osatutako errepertorioa dakarrena; edota The Living End, Australiako banda handia izango dira, beste batzuen artean.  Neko Case, gaur egungo emakumezko kantautore garrantzitsuenetakoa dena; Tropical Fuck Storm, une hauetako sentsazio berrietako bat; eta Blind Rage & Violence, Los Torontos edo Pussycat & The Dirty Johnsons taldeen rock & roll primitiboena ere ez dira faltako.

Urteroko hitzordu bereziari hasiera emanez eta hirian motorrak berotzeko,  Andre Maria Zuriaren plaza jaialdiko ikus-entzuleen eta gasteiztarren arteko topagune bihurtuko da. Bertan, bihar ostiralean, Tami Neilson, eta etzi, larunbatean,  Danny & The Champions of the World taldeen doako kontzertuak antolatu dituzte goiz partean.

Mendizabalako ateak aldiz,  17:00etan zabalduko dira egunero. Eremu horretan, zuzeneko musika onena entzuteko aukera izateaz gain, Wall of Deatheko motoen orroa entzungai izango da berriro ere, rock basatienaren erritmoari jarraikiz, egunean lau saiorekin.

Trashville-n muturreko borroka mexikarra ere berreskuratuko da aurten, giltza eta akrobazien ikuskizuna. Egunean hiru saio emango dira, maskaradun borrokalari beldurgarrien eskutik.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, jaialdiko eremura sartzeko aurten aldaketa bat egin da eta, eguneko sarreraren edo bonuaren ordez, jaialdiko eskumuturrekoa jarri beharko da. Ostegunetik hasita, jaialdiko eremuan bertan jaso daiteke eskumuturrekoa.

Programazio, sarrerak erosteko edota gainerako informazioak, Azkena Rock Festibalaren webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button