ESZENA

“Azken Portua” eta “Zeoze o Ze!”

Dejabu antzerki konpainiak Azken Portua izeneko ikuskizuna eskainiko du gaur, Errenteria Hiria Kulturgunean. Konpainia honek Gure bide galduak lanarekin 2012ko Donostia Antzerki saria irabazi berri du. Apirilaren 22an, ikuskizun hau ere Errenterian ikusteko aukera izango da. Azken Portua lau urtetik gorako haurrentzat zuzendutako ikuskizuna da.

Didi eta Gogo dira Azken Portuko biztanle bakarrak, eta denbora luzea da ez dutela barkurik ikusi itsaso zabaletik portura iristen. Gogo zaharrak ez du jada egun hura gogoratzen. Dena den, Didi gaztearen jakin-minak Gogoren oroimenetan murgiltzera eramango gaitu, eta Euskal Herriko arrantzaleen garaiak, Enbata barkuaren azken bidaia eta Krixpin gaztearen abentura zoragarriak biziko ditugu ikuskizun honetan.

Beste aldetik, igande honetan, apirilak 1, Zeoze o Ze! antzezlana ikusi ahal izango da Donostiako Doka Kafe Antzokian. Iñigo Aranbarri izan da obra honen zuzendaria eta bertan, Iñigo Genua, Madalen Mendizabal, Naroa Gartzia de Eulate eta Maddi Goikoetxea aktoreek hartzen dute parte.

Hauxe da ikusiko duzuena: “Itxarongela bat. Bertan bilduko diren lau lagunek badute elkarren artean loturaren bat. Mari Karmenek Kattalinen zerbait nahi du, Kattalinek Andonirena, Andonik Nepomucenarena eta honek Maikarmenen zerbait. Lehenaldiko gertaera desberdinek emango digute zerbait horien berri. Zer gertatu ote zen pertsona horietako bakoitzaren artean garai batean.”

Harremanei buruz hitz egiten digute pertsonai hauek. Sortzen diren dependentziez, aldatzen doazen sentimenduez, galeren beldurrez, laguntasunaz eta bakardadeaz. Tristuraren aurrean irribarre egiteko aukera eskaintzen duen istorioa da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button