Nontzeberri

Azken eguna gaur Lekeitioko “Kameratoian” izena emateko

Lekeitioko euskarazko ikus-entzunezkoen rallyan parte hartzeko interesa baduzue eta oraindik izenik ez baduzue eman, gaur duzue horretarako azken eguna Kameratoia.eus web orrialdearen bitartez.

Euskaltzaleen topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatutako ekimena asteburuan (urriak 25-27) garatuko da, eta parte hartzaileek asteburuan bertan ekoiztu beharko dituzte euren ikus-entzunezkoak. Gaia, urriaren 25ean, ostiralean bertan emango zaie jakitera eta gai horren inguruan landu beharko dituzte lehiakideek euren film laburrak hurrengo egunetan. Parte hartzaileek egun horietan Trinkete Aterpetxean lo egiteko aukera izango dute.

26an, larunbatean, behin gaia kontutan hartuta, grabaketa lanak hasi beharko dituzte parte hartzaileek, eta 27an, zinema aretoan aurkeztuko beharko dira. Hala, gaiaren inguruan hausnartu, gidoia idatzi, grabatu eta irudiak muntatu beharko dituzte lehiakideek eta sormenezko ariketa honetan, Lekeitio kaleak izango dituzte agertoki haien lanak aurrera eramateko. Muntaketa lanetarako, partaideen eskura jarriko den gune bat prestatuko da.

Edizio honetan ere sari ederrak banatuko dituzte. Film labur onenak 1.000 euroko saria jasoko du; eta bigarrenak 600 euro. Horretaz gain, ikuslearen saria ere egongo da, ikus entzuleak aukeratuko baitu lanik onena.

Gainera, Kameratoiko lehen saria eskuratzen duenak, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira zirkuitu ibiltariaren barruan sartu ez ezik,  Durangoko Azokan antolatzen den DemaSA (Sortzaile Amateurren Dema) lehiaketan parte ere hartuko du, Euskal Herriko beste lehiaketetako finalistekin batera.

Kameratoiaren helburua euskal ikus-entzunezkoetan ekoizpena gazteen artean indartu eta bultzatzea da. Horregatik, deialdia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa da.
15. edizoa izango da aurtengoa eta horrek, Kameratoiak Lekeitioko kultur agendan bere lekua bilatu, indartu eta egonkortu egin duela baieztatzen du.

Lehiaketaren argibide guztiak dituzue irudienea.topagunea.eus web atarian.

Exit mobile version