ARTEA

“Azken alabak”, industria aztarnak erakusgai

Bilboko Euskal Museoak, Babcock Wilcox bizkaitar enpresaren azken industria aztarnak modu artistikoan bilduriko Azken alabak erakusketa paratu du. Alberto Salcedo artista plastiko eta ikertzailearen proposamenak datorren urteko urtarrilaren 5era bitartean ikusi ahalko dira.

Bizkaiak industria ondare oparoa du, eta Azken alabak erakusketak artearen bidez iraganera egindako bidaia proposatzen du, “Euskadin industria iraultzaren eta egungo eredu postindustrialaren arteko trantsizioari buruzko gogoeta” egiteko.
Alberto Salcedo artistaren erakusketak “industrializazioaren hondoratzearen aztarnak eta enpresa ospetsu honen hondakinen artean topatutako azken modelo industrialen berrerabilpenetik sortutako eskultura bilduma bat” erakusten ditu.

Babcock Wilcox enpresak fabrikatu zituen industria piezak  artistak birmoldatu ditu, eta beste modu batean harturik, 27 eskulturen bilduma egin du. Horretaz gain, hiru pantailaz osatutako ikus-entzunezko instalazio bat ere paratu du. Bertan ikusiko dira “hondakinen artean topatutako enpresa iragartzeko spot bat; artistak fabrikara egindako bisiten irudiak, eta drone batekin grabatutako aireko irudiak”.

Babcock Wilcox Española Galindon (Bizkaia) sortu zen 1918an, eta 2011ko irailaren 30an itxi zituen ateak, eta tartean 5.250 langile izan zituen. Orain, Alberto Salcedok ikuspegi artistikotik abiaturik, industria ondare horretan iraun duen zatia erakutsi nahi izan du. Proiektu hau Euskal arte eta memoria industriala. Industria-ondare obsoleszentea ekintza artistikoaren bidez biziberritzea doktorego-tesiaren zati da.

Alberto Salcedo Euskal Herriko Unibertsitatean ari da bere doktorego-tesia garatzen. Hainbat erakusketa abiarazi izan ditu: Bilbao Art District (Bilbo), Ondarearen Europako Jardunaldiak (Bilbo), Deustuko zubiko eskuhartzeak (Bilbo) eta FairSaturday (Bilbo), besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button